ZESTOATIK ANDUTZ ETA DEBARA

26.12.2015 19:10

Urola Erdiko eskualdean nago, Zestoan hain zuzen, Urola ibaiaren hertzean eta Izarraitz mendigunearen babesean eraikitako herrian. XIV. mendeko hiribildu honek gaur egun irauten duen bi mendeko tradizio termala du.

Goizeko zortzi t’erdiak dira eta dagoeneko egun ederra argitu du. Gaurko asmoa Zestoa-Deba zeharkaldia burutzea da. Lehenengo pausoak Urola ibairantz eman ditut eta Errege Bideko zubi zaharra pasatu dut. Han topatu ditut herri honetako ondasun historiko batzuk, Lau-Iturri izeneko iturri ederra eta honen ondoan dagoen harraska.

Lilitarren jauregia

Metro batzuk aurrerago bide ondoan Zestoako ondasun garrantzitsuenetako bat dago, XVI. mendeko Lilitarren jauregia eta berari dagozkion eraikin multzoa (errota, Lilibea oinetxea). Baina herri gune historikoan ere badaude beste eraikin eder batzuk, baita garai bateko harresiaren bi ate ere.

Sastarrain erreka ondoan mendebal norabidea segi eta Ekainberrira iritsi naiz. Ekaingo kobazuloak aipamen berezia merezi du. Haitzulo hau Debako lursailetan dago, Zestoatik oso gertu eta eraikitako erreplika berriz Zestoan dago, haitzulotik gertu. Historiaurreko kokaleku honetan Madelaine aroko 70 bat labar-pinturak daude. Zaldiak, hartzak, eta oreinak dira margotuta gehien agertzen diren animaliak. UNESCOk gizateriaren ondarea izendatu zuen.

Saltsamendi eta Andutz Basatxulotik

Sastarraingo sakonean barneratzen noa eta horrela Sastarrain baserria pasatu eta pixka bat aurrerago Debako lursailetan sartu nahiz. Sakon estua da eta Endoiagainako malda tenteetan gora noa. Hegoaldera Erlo handia Deba eta Urola ibaien artean dagoen Izarraitz mendiguneko tontor garaiena zerurantz boteretsu altxatzen da.

Txankarta baserriaren ondotik pasatu eta Endoiagainako bizkar luzera iritsi naiz. Eguzkiak ematen dien kolore biziko belardi politen artean, mendebal norabidea mantenduz Endoia auzotik pasatu naiz. Debako auzo honetakoa zen Manuel Olaizola (Uztapide) bertsolaria.

Basatxulo lepotik Saltsamendi eta Andutz mendien irudi polita ederki ikusten da. Eta haizeak beraien dei suabe eta garbia ekartzen dit –etor zaitez guganaino eta apartako ikuskizuna eskainiko dizugu. Zure bidetik oso gertu gaituzu eta ez zara damutuko-. Denbora gutxi behar izan dut Otzarretako lepora iristeko. Ipar-mendebalderantz Saltsamendiko punta zorrotza dotore ikusten da. Orain Olano baserrirantz jaitsi naiz eskuinerantz doan pista bateraino iritsi arte. Hemen asfalto bide utzi eta pista jarraitu dut hondarretan dauden Esteiatxiki eta Esteiaundi baserrietaraino.

San Katalina baseliza

Nire asmoa Saltsamendi eta Andutz mendiak bide honetatik Itziar auzoraino inguratzen joatea zen, baina  jasotako deiari ezin muzin egin eta Saltsamendiko tontorraren bila maldan gora abiatu naiz. Aldapa motza baina tentea gainditu ondoren puntan nago. Ederra, ikuskizuna benetan polita.

Urreitzako lepo zabalera jaitsi eta bordatik gertu dagoen harkaitz batean eseri eta eguzki epelean hamaiketakoa egin dut. Paraje ederra, lasaia.

Andutz mendiaren tontorra gertu dago. Mendi hau itsasertzetik oso gertu, Itziar auzoaren gainetik altxatzen da eta esan daiteke Izarraitz  mendigune zabaleko parte dela. Bere kokapenagatik begiratoki aparta da eta panoramika oso zabala eta ederra eskaintzen du: Itsasertza Matxikakotik Landetaraino eta ikusten diren mendien zerrenda oso luzea da, Hauza, Larrun, Jaizkibel, Aiako Harria, Erlo, Anboto, Gorbea, Oiz… Haizeak egia zekarren.

Santa Katalinatik Zumaiarantz

Elurtzetako lepotxotik pasatuz Itziarrera eta itsasotik gertu dauden muino berde belartsuetara jaitsi naiz. Itziar Debako auzo bat da. Nafarroako Antso III.a Gartzez erregearen 1.027ko eskutitz batean agertzen da lehenengo aldiz. 1.294 urtean Gaztelako Sancho IV.ak hiri-gutuna eman zion. Auzoko elizan Itziarko Ama Birjinaren XII. mendeko irudi erromanikoa dago, Euskal ikonografiako ederrenetako bat.

Itziar atzean utzi eta Lizarbeko iturri ondotik pasatu ondoren, muinoz muino, baserri artean itsasertzean dagoen Santa Katalinako baselizaraino joan naiz. Paisaia ederra ikusten da. Deba gertu dago, minutu batzuetako jaitsiera aldapatsua eta herriko hondartzan nago.

Debako hondartza

Deba ibaiaren itsasadarrean jaso zuten herria eta 1.343 urtean Gaztelako Alfonso XI.ak hiri-gutuna eman zion. Arrez gero arrantza, laborantza, industria eta merkataritza garatzen joan zen.

Ondasun historiko-artistiko inportantea du. Udalerriko mendi eta orografiaren kareharrizko izaera dela eta, historia aurreko gizakiak babeserako erabilitako haitzulo ugari daude. Ekain, Prailehaitz, Ermitia eta Urtiagako kobazuloetan aurkitutako labar-pinturak eta bestelako materialak direla eta, Euskal Herriko aztarnategi inportanteenak dira.

Bestalde badu ondasun zibil eta erlijioso aberatsa (Agirre jauregia, Sasiola dorrea eta zubia…).

TRACKA HEMEN