ZURKUTZETIK DURURA URBIATIK PASATUZ…..

13.09.2015 22:30

Arantzazun gaude, goizeko zazpi t’erdiak jota daude. Zeruak berun kolorea du eta eguna oso goibel argitu da.

Gure asmoa inguru honetako mendi batzuetara igotzea da eta ideia horrekin martxan jarri gara. Arantzazuko haitzartearen barrenera jaitsi eta Urkillako mendilerrora igotzeko bidean gaude. Harkaitz eta malda basotsuen artean ezkutuan dagoen Begiolatzako zabalgunea zeharkatu eta bide erosoa jarraituz pinu eta pago artean gora Arrionagako leporaino igo gara.

Aizkorri Zurkutzetik

Hemendik Zurkutzeko leporaino bide aldapatsua pagadi eder batean gora doa. Eta lasai-lasai, orbelez estaliko zidorra jarraituz lepora iritsi gara. Zaldi batzuk eta hego haizearen ufadak hartu gaituzte.  Nahiz eta zerua oso lainotsu egon panoramika oso zabala da eta gris tonu desberdinetan Urbasa, Entzia, Kantabria eta Demandako mendilerroak agertzen dira.

Bide segi eta minutu gutxitan eguneko lehen tontorrean gaude, Zurkutz, baita gertu dagoen Naparbasoko muinoan ere. Ibilian gaudenean tenperatura ona dugu baina gelditzerakoan haizeak hoztu egiten gaitu eta bi gain hauetan denbora gutxi pasa dugu.

Hurrengo lepora jaitsi eta Malkorrara igotzeko bidea segi dugu. Behin tontorrean, bertan dauden harkaitzen babesean hamarretakoa egin dugu.  Indarrak berritu eta atsedena hartu ondoren berriro martxan jarri gara. Ipar norabidea jarraitu eta Oburuko pagadian sartu gara. Aldapa igo eta puntako mugarri eta buzoira iritsi gara. Pagoz inguratutako gaina da eta ez ditu bistarik.

Oburuko gaina

Goitik beherako bidea hartu eta Burdinkurutzeko lepora minutu gutxitan iritsi gara.  Lepo hau garrantzizko bidegurutze da. Bertan Arantzazutik, Urbiatik, Otzaurtetik, Elgeako medilerrotik datozen bideak elkartzen baitira. Guk pago artean Otzaurtera doan zidorra segi dugu beste lepo ezagun bateraino, Pagarretakoa hain zuzen. Garai megalitikoetako  monolito bat zutik dago. Dakargun bidea utzi eta Pin-Pil edo Milpiribi mendira igotzeko bide arrastoa jarraitu dugu. Hau ere pago artean doa eta hau atzean utzi ondoren Pin-Pileko gain belartsu eta biribila dugu aurrean. Gain honetatik bista zabalak eta politak ditugu, gainera ostarte txiki batzuk ireki dira eta paisaiak argitasun berezia du.

Jarraian Pagomakurreko lepora jaitsi gara gero Oltzako zelaietara joateko. Oltza eta Urbiako belardiak, Aitzkorri-Aratz Parke Naturaleko bihotza. Udazkena ate joka dago eta denbora gutxi barru, bordak hutsik geldituko dira, artaldeak neguko belardietara jaitsiko dira eta paisaia eder honetan isiltasuna eta bakardadea nagusituko da eta mendizaleok norbera bere burutazioekin ibiliko gara.

Pin-Piletik Aizkorri aldera

 Zaldiak eta ardiak han eta hemen sakabanatuta daude. Borda batean dagoen artzain batekin garagardo bat artzen dugun bitartean solasaldian egon gara. Denbora aurrera doa eta berriro bidea hartu dugu. Orain Arbelarreko bordetara goaz. Bidea oso polita da, zuhaitz, harkaitz eta goroldio artean doan zidor estua da eta bazter ederrak ditu.

Arbelarren artzain gaztea lanean dago, artalde bat ukuiluan sartzen ari da. Belaunaldiz-belaunaldi bizirik iraun duen milaka urteko ofizioa. Guk Urbiako fondara jaisteko bidea segi dugu. Fondan eseri eta solasaldi atseginean bazkari pasada egin dugu.

Oltza eta Arbelarren arteko bidean

Hurrengo minutuetan Gorostiagaingo aldapari egingo diogu aurre. Orain haizeak indartsu jotzen du eta majo astintzen gaitu. Gorostiagain eta Enaitz gainak pasatu eta Iparbakoizko lepora jaitsi gara. Urkillako mendietan laino beltzak daude eta euri barra ikusten dugu. Haizeak tantak batzuk ekartzen dizkigu, ibilaldia bukatu aurretik bustiko ote gara?.  Minutu batzuk geroago haizearen indarra areagotu eta asko hoztu da, euri barra ere Arantzazu gainean dago eta gu ere bustitzen hasi gara. Hala ere suerte handia izan dugu, ekaitza ekialdera doa eta Tellaskuetako gaina pasatu ondoren txamarrak kendu ditugu.

Duruko bordak pasatu ditugu. Arantzazu bertan dago eta bidearen azken tarte honetan ibilaldi oso polita burutu dugula esanez pozik gatoz.

TRACKA HEMEN