ALOÑAMENDIKO GAINETAN…

02.08.2015 22:00

Mendebalderantz doan Aizkorriko mendilerroaren jarraipena da. Biozkorniako lepoaren (1.194 m) eta Oñatiko Urteagain landa auzoaren artean altxatzen du kareharrizko gailurreria polita. Udanako mendatetik ikusten denean iman bat bezala erakartzen duena. Mendi hauen ipar isurialdea oso malkarra da, hegoaldekoan berriz belardiak eta artzain saroiak daude.

Urteagain auzoan hasi dugu bidea. Eguna eguzkitsua argitu du. Berehala aldapa tentetu egiten da, Urdanbidetako bordak pasatu eta laster basoa atzean utzita belardian gora goaz. Begirada atzera bota eta bista oso polita dugu. Oñatiko harana inguratuz Orkatzategi, Kurutzebarri, Anboto eta Udalaitz mendien tontorrak ikusten ditugu. Belauko muinoa pasatu eta eguneko lehenengo tontorrerantz goaz. Belardietan artalde para bat ikusten dira. Belargaineko bordak atzean utzi eta Gorgomendiko (1.248 m) tontorrean gaude. Eguzkiaren izpien argiarekin distiratsu agertzen da bertan dagoen gurutze metaliko handi bat. Mendizaleok eskertzen dugun aterpe bat ere badago. Ez da Aloñamendiko tontorrik garaiena baina ezagunena izan daiteke. Hegoalderantz belardiak Arantzazuko haitzartea jaisten dira.

Botreaitz

Eguna haizetsua dago eta eskertzen da. Aurrera jarraitu eta laster Kurtzezar (1.287 m) tontortxo harritsura igo gara. Gure aurrean Botreaitz tontorraren irudia dugu. Altuera pixka bat galdu eta berriz gorantz goaz, pitzaduraz beteriko kareharrizko harkaitz artean azken pausoak eman eta puntan gaude. Borteaitz (1.321 m). Aloñamendiko mendi garaiena. Hemendik dagoen panoramika betenetan ederra eta zabala da.

Goitik behera segi eta Aitzarrate leporantz goaz. Zailtasunik gabeko jaitsiera malkarra da, baina berehala lepoan gaude. Orain Akaitzera igotzeko aldapa belartsuari aurre egin diogu, eta poliki-poliki, ia konturatzeke berriro gainean gaude. Oraingo honetan gaina Akaitz (1.315 m) da.

Botreaitz eta Akaitz Urrabiatzako puntatik

Metro batzuk jaitsi eta sakonunetxo batean hamaiketakoa egiteko gelditu gara. Egun polita gaurkoa, zerua garbi-garbia, haize pixka bat beroaren eraginak arintzeko, paisaia zoragarria, lagun arteko giroa….

Indarrak berrituta Errikoaitza edo Urrabiatza (1.265 m) eta Arriurdin (1.274 m) muinoak pasatu ditugu. Orain Biozkorniako lepoa bistan dugu eta aurrean Artzanburu boteretsu altxatzen da. Lepo hau Goierrira begira dagoen balkoi ederra da. Bertan dagoen Amabirgiñaren Sillea izeneko harria ikustera joan gara. Elezaharrek diotenez Arantzazurako bidaian Ama Birginak harri honetan atseden hartu omen zuen. Harkaitzez, belardiz, bordaz eta saroiz beteriko mendi hauetan natura, kultura eta tradizioak ondo uztartzen dira.

Arriurdingo tontorra

Lepotik ipar isurialdean behera hasi eta Jandoaingo edo Jarondoko bordetara iritsi baino lehen Kataberako meategitik pasatu gara. Jardueraren arrastoak nabarmenak dira. Eraikinen hondarrak eta hondakindegia esaterako. Hemendik galena, kalamina eta blenda ateratzen zuten, gero zink eta beruna lortzeko.

Amabirgiñaren Sillea

Jarondoko bordak pasatu eta Aloñamendiko ipar isurialdeko malda zeharkatzen hasi gara. Dagoeneko eguzkiak majo berotzen du, tenperatura altua da. Baina gure onerako ibilaldiaren bukaeraraino basoan joango gara. Konifera artean batzuetan pagadian besteetan, eta horrela Nardagaizto, Larrazabal parajeetatik eta Uako-Aitzako ur-lotunetik pasatu eta poliki-poliki Urteagainera iritsi gara. Eguzkiak gupidarik gabe jotzen du eta bertan dagoen tabernan freskagarri on bat hartu dugu.

Ibilaldi oso polita izan da.

TRACKA HEMEN