ANDIAKO BELARDIETAN ITURGOIENGO TRINIDADEAREN BILA

19.04.2015 21:30

Lizarragako mendatean gaude, goizeko 8ak inguru dira, lainoek inguruko gainak estaltzen dituzte eta Iparretik haizea hotza dator. Txamarra soinean, txanoa buruan,… martxan jarri gara.

Urbasa eta Andiako Parke Naturalak ondasun geologiko, ekologiko, arkeologiko, soziokultural eta paisajistiko ugari ditu. Mendi hauek bi gune klimatiko handien arteko muga dira: Atlantikoa eta Mediterraneoa. Gizakiak ehun mila urte darama mendi hauetan. Neolitikoan animaliak etxekotzearekin batera, gaur egun arte iritsi den artzaintza zabaldu zen. Bertan monumentu megalitikoak –trikuharriak, menhirrak, tumuluak- ugariak dira.

Ikomar putzuaren inguruan

Ekialde norabidea hartu eta belardian aldapa gora goaz. Aurrera goaz gainez gain laino artean azaltzen zaizkigun itzalak jarraituz. Dorrokotekako tontorrera iritsi gara. 1.178 metroko garaieran gaude.

Aurrerago leize baten ondotik pasatu ondoren norabidea aldatu dugu Ikomar putzura jaisteko. Poliki-poliki lainoak altxatzen doaz eta begien aurrean paisaia zabaltzen doa. Ikomarko sakana eta erliebe leuneko Iturgoiengo Trinidade mendi belartsuak. Urbasan basoak gailentzen dira, Andian berriz belardiak. Mendilerroko inguru honetan ez ditugu abelburu asko ikusi. Ikomar putzuaren inguruan zaldi batzuk besterik ez.

Caballero leizea

Pokapena parajean gora goaz. Maldaren tolesturaren harkaitz batzuen babesean hamarretakoa egin dugu. Ondoren Caballero leizearen eta segidan Tomasen bordaren ondotik pasatu gara. Hemen ikusi dugu lehen artaldea. Egun batzuk barru belardi hauetan ardi, behi eta zaldi ugari ibiliko dira. Minutu gutxitan aurrean ikusten dugun baselizan gaude. Iturgoiengo Trinidade.

Zeruan laino mardulak daude. Eguzki izpiak lainoen arteko zirrikituetatik sartzen dira eta memento batzuetan ostarteak zabaltzen dira. Hegoaldera mendiaren malden behealdean Lezaun ikusten dugu eta Deierriko lurrak zabaltzen dira. Ekialdera Etxauri mendia, Iparraldera lainoetatik irten berria den Beriain mendia nabarmentzen da. Menbaldera Urbasako basoak gertu ditugu.

Iturgoiengo Trinidade baseliza

Baseliza atzean utzi eta Ipar-mendebal norabidea jarraituz Iturgoiengo Trinidade (1.230 m) eta Malkaxko (1.237 m) mendien tontor zabaletara igo gara. Paraje irekietatik, belardiz belardi goaz, askatasunez, norabiderik gabe joango bagina bezala, oso gustura gabiltza.

Aldapa tente bat jaitsi ondoren Zaborrateko sakonera iritsi gara. Aurrean Lezaungo borda ikusten dugu, baina guk ezkerrean utzi eta Maular eta Ibarrola mendien artean mendebal norabidea jarraituz pagadian sartu gara. Baso zoragarria. Pago ederrak, kareharria, ia dena goroldioz estalita, zorua orbelaz beteta. Basajaunen begirada sentitzen dugu, gnomoen ahotsak entzuten ditugu… baina ikusi ez, ikustea ez dugu lortu.

Goroldioa

Zalbideko galtzadara iritsi gara. Orain Iparrerantz goaz eta Bentaberriko bordatik gertu Osagarateko maldan gora jarraitu dugu. Inguru honetan artaldeak, zaldiak eta behiak ikusten ditugu. Berriro lur irekietan gabiltza. Gertu dugu helmuga, Lizarragako mendatea.

TRACKA HEMEN