ANDIAKO TRINIDADE MENDIETAN….

29.11.2015 23:13

Andiako mendilerroa nafarren ondasuna, artzainen eremua, antzina-antzinako garietatik Andian bazkatzen duten ardi, zaldi eta abelgorrien txintxarrien soinu eremua da, baita ikazkinen pagadi freskoen eremua ere. Izaera karstikoko mendilerroa, lurraren barnealdera amiltzen diren leizez beterikoa, nondik urak desagertu eta haranetan berragertzen dira.

Goizeko zortziak dira. Udazkeneko egun honetan zeruan ostarte zabalak ikusten dira eta dirudi eguraldi ederra izango dudala. Dagoeneko mendi-gainak denboraldiko lehen zuritua hartu dute, nahiz eta elur hori dagoeneko desagertu da. Andiako Hego isurialdeko Deierri Ibarreko Errezu herritxoan nago. Nafarroako haran zabalenetako bat da eta 19 herriaz osatuta dago: Aizkoa, Allotz, Arandigoien, Aritzala, Aritzaleta, Bearin, Eraul, Errezu, Gorozin, Hiriberri, Ibiriku, Iruñela, Lakar, Lorka, Murelu, Murugarren, Ugar, Zabal, Ziritza eta Zurukuain. Mugakidek Lezaun eta Urbasa eta Andia mendilerroak iparretik, Gesalatz ekialdetik, Lizarra hegoaldetik eta Allin eta Ameskoa mendebaldetik ditu.

Iturgoiengo San Adrian baseliza

Haranek era askotariko morfologia du eta ondorioz landaretza ere halakoa da: artadia, pagadia, hariztia eta erkameztiak nabarmentzen dira. Zunbeltz, Ibiriku, Aritzaleta eta Errezu inguruan batez ere baso atlantikoa dago. Haraneko beste tokietan baso mediterraneoa nagusi da eta ugariena artea da.

Nire asmoa Iturgoiengo Trinidadera igotzea da. Horretarako ipar-mendebal norabidea hartu dut eta hasieran Ubagua ibaia jarraitu dut. Ibaia urez gainezka dator eta burrunba handia egiten du, nabari dira egun hauetako elur eta euriak. San Blas baseliza ondoan pasatu eta aurreraxeago bide zabala utzi eta soro bat pasatu eta gero pista bat jarraituz Bideko Andre Mariaren XIII. mendeko baselizara iritsi naiz.

Oso gertu Gesalatz ibarreko Iturgoien herria dago. Mendiaren maldan eraikia, etxe bikainak eta ederrak dituen herri aldapatsua da. Etxe hauetako batzuk XVII eta XVIII. mendeetako armarriak dituzte.

Haran hau Deierri eta Etxauriko ibarren artean dago eta iparretik hegora Andiako mendilerrotik Allozko urtegiraino luzatzen da. Honako herri hauez osatua dago: Argiñano, Arzotz, Estenotz, Garisoain, Genbe, Iruxo, Irurre, Lerate, Muetz, Muniain, Muzki, Bidaurre eta Biguria.

Julio Caro Barojak aditzera eman zuen Iñigo Arista Errege Nafarra Gesalazko Biguria herrian jaio izana zitekeela. Erdi Aroko dokumentu batzuetan horrela agertzen baita.

Iturgoiengo Trinidade baseliza

VI. eta VIII. arteko mendeen ezaugarri nagusiena Baskoiak menderatu nahian errege Godoek egindako erasoak izan ziren. X. mendearen hasieran Al-Andalusko mugak Monjardin eta Montejurraraino iristen ziren. 910. urtean Antxo Gartzes I.a errege nafarrak Monjardingo gaztelua berreskuratu zuen eta 920. urtean Abderraman III.a emirrak Kordobatik etorri eta Deierri eta Gesalazko sailetan, Muetz herriaren inguruan, nafarraren aurka zigor eraso handi bat burutu zuen.

Herriaren goialdean ipar-ekialde norabidea segi dut eta bide alboetan arte ale ederrak daudelarik aurrera noa. Obantzea errekaren arroila sakona eta bestaldeko maldetan harrizko horma bertikalak bistan ditut. San Adrian baselizara iritsi naiz. Ikazkinen eta egurgileen patroia. Santuaren egunean herritarrak baselizan meza entzun eta herri-bazkariaren ondoren herrira jaisten dira. Ezkondutako azken bikotea apaindutako gurdi batera igotzen da eta bi pertsonek idiak balira bezala orgatik tira eginez herrian zehar askaraino eramaten dute, eta eguraldia lagun bada ezkonberriak askara botatzen dituzte. Antzinako ohitura da eta hasieran batean emakume ezkonduak gurdi batean larrainera eramaten zituzten eta dantzaldia antolatzen zen.

Pago artean haitzartean aurrera jarraitu dut. Zidorra norabidea aldetzen doa eta beste haitzarte batean sartu naiz. Parajea benetan polita da, pagoa, ezpela, goroldioa bazter guztiak estaliz. Ingurua bakartia, basatia da. Ez dabil inor, txori bakan batzuen txio batzuk besterik ez ditut entzuten. Otsaurkako malda eskuinean altxatzen da. Gorantz segi dut, borda batzuen hondarren ondotik pasatu naiz. Hemen zaldi taldetxo bat dago.

Arbiozko arroila

Mendebalderantz noa. Pagadia atzean utzi eta mendilerroko goialdeko larreetan nago. Muino belartsu batean Iturgoiengo Trinidade baseliza ikusten dut. Orain arte haitzartearen babesean ibili naiz baina hemen goian haize hotza dabil.

Tomasen bordaren ondotik pasatu eta tontorreko baselizara iritsi naiz. Trinidade Mendiak izeneko tontor multzoaz eta belardi zabalez inguratuta Iturgoiengo Trinidade edo Artxurieta mendia dago, Andia mendilerroko hegoaldeko aipagarriena eta Gesalazko puntu garaiena. Tontorretik oso gertu XIII. mendeko Iturgoiengo Trinidade baseliza eta aterpetxoa daude. Beraien horma zuriak inguruko zelai berdeetan asko nabarmentzen dira. Hemendik bista zabalak daude baina zeruertzean dauden lainoek panoramika asko mugatzen dute, hala ere bista ederra da.

Aterpearen babesean hamaiketakoa egin dut. Indarrak berritu ondoren gorputza berriro ondo babestu eta bidera irten naiz mendi multzo honetako tontor nagusiena den Malkaxkora joateko. Haize suabea eta hotzak jotzen du, puntua markatu eta hegoaldera beherantz noa. Oskandiako tontorra pasatu ondoren Lezaunera zuzen doan bide zabala utzi eta San Kristobal baselizara jaitsi naiz. XII. mendean jasotakoa eta Lezaungo ondare historiko eta kultural inportantea.

Hemendik hego-ekialde norabide segi. Goiko larreetan ikusten ez zen azienda hemen dago (zaldiak, abelgorriak eta ardiak). Lezaunen nago. Andia mendilerroko hego magalean, paisaia karstiko batean leize eta koba artean dagoen herrian. Belardiz eta basoz inguratuta tradizionalki artzain herri bat izan dela esan daiteke. Ondasun historiko-artistiko aipagarria du: ondo kontserbatutako armarridun etxeak eta hauetako inportanteenetako bat Subiza etxea da; Erdi Aroko dorrea duen XII. mendeko San Pedro eliza; Santa Barbara eta aipatutako San Kristobal baselizak…

Ubagua ibaia

Inauterietako ostegunean eskolako umeek baserritarraz jantzita herriko etxe guztietara joaten dira eta belaunaldiz belaunaldi errepikatzen joan den kantua abesten dute. Honela arrautzak, txistorrak, urdaia eta abar eskatzen dute. Jasotako guztiarekin eskolan bazkaria egiten dute txikien gozamenerako. Garai batean umeek goizetik eskatzen zuten eta arratsaldean batzuk aurpegia paperekin ezkutatzen zuten mozorro antzera eta “michilargas” deitzen zitzaien. Egun horretan herriko azienda zaintzen zituzten sei artzainek (ahuntzaina, txerrizaina, behizaina, zaldizaina, itzaina eta mandazaina) ere elkartu eta jaki batzuk saltzen zituzten eta arraina eta haragia erosi ondoren elkarrekin bazkaltzen zuten. Beraientzat egun hori jai eguna zen eta euren eguneroko betebeharrak lagunek egiten zituzten. Asteartean berriz, herriko mutilek gitarra soinuekin herrian zehar abesten eta eske ibiltzen ziren, neskei zuzendutako abestiak batez ere, hauek etxeetako leihoen atzetik entzuten zituzten bitartean. Afari-merienda bat egin ondoren batzuk mozorrotu eta hainbat jota dantzatzen zituzten.

Norabidea mantenduz Errezurantz doan PR bidea jarraitu dut eta Arbiotz haitzartean sartu naiz. Bertatik Arbiotz erreka doa, beherago Ubagua izena hartzen du eta ibai indartsua bihurtzen da. Arroila oso polita da, basotsua eta harritsua, horma bertikal han eta hemen altxatzen dira. Haitzarteko estugunea pasatu ondoren erreka pasatu behar da, ur emari handia darama eta zubirik ez dago. Kontu handiz eta asko busti gabe pasatzea lortu dut. Pasatu bezain azkar PR bidea utzi eta ezkerretik doan zidorra jarraitu dut. PRa segi ezkero ibaia beste bitan pasatu beharra dago eta eurite edo urtze-aldietan azkeneko pasoa erabat ezinezkoa da. Ubaguaren sorburuaren baino beherago baitago eta ibaia urez gainezka eta indarrez doalako. Uda garaian edota ur emari gutxiko garaietan ez da arazorik izango PR hau jarraitzeko, baina ez da gaurko kasua.

Esan bezala PRa utzi dudan tokian ixarekin markatutako zidorra jarraitu eta gutxira Ubaguako sorburura iritsi naiz. Ikusgarria dago, gaur sorburua bera ibaia dela esan daiteke. Gezurra dirudi holako zulo batetik hainbeste ur, hain besteko indar eta burrunbarekin. Sinesgaitza ikusi gabe.

Ibaiaren burrunba lagun dudalarik gaurko bueltaren azken tartea betetzera noa, Errezu gertu eta gaurko ibilaldia amaitzear dago. Ibilaldia asko gustatu zait, ederra izan da.

TRACKA HEMEN