ARALAR: Akier eta Artxueta

17.08.2013 00:00

Baneraman denboralditxo bat Aralarrean ibili gabe eta Atako bailara ederra ezagutzera joatea erabaki nuen. Eta ikusitakoaren arabera hartutakoa bai erabaki zuzena.

Madotz herritxo lasaian bidea hasi eta errepidea Oderitz aldera jarraitu genuen. Asfaltoa laster utzi genuen eta Akier mendiaren Ipar isurialdean barneratu ginen. Hasieran pista zabaletik eta gero pagadian tontorrerantz zedarriak jarraituz. Azken partean igoera zidorrik gabekoa eta nahiko nahasia da. Akier (1.127 m). Tontorra ere ez da oso erakargarria, kareharrizko lapiaz, estua, pagoz eta zuhaixkaz betea.  Hala ere hor dagoela eta, bertara joateko eta ezagutzeko nahiko aitzaki.

Akier  buzoia

Hego isurialdetik Atako bailara jaistekoa ere antzekoa izan zen, malkartsua, harkaitzen artean biderik gabekoa, baina Ata bailara ederrak dena ahaztu arazten dizu. Pagoz beteriko maldaz inguratutako zelai luzexka, isila, bukolikoa. Erdian Erroldanen Harriak historiaurreko gizakiek inguru hau ezagutzen zutela adierazten digu.

Agiñenako pagadia

Mendebalderantz jarraitu eta Artxueta mendirako bidean aldapan gora, pagadi zoragarri bat zeharkatu genuen. Honen bukaeran, zedarri erraldoi baten parean, San Migueleko santutegira doan PR bidea utzi eta zuzen tontorrerantz jarraitu genuen. Artxueta (1.340 m). Antena batzuk eta hauen azpiegiturak gaina desitxuratzen dute. Bestela bertatik dagoen ikuspegia oso polita da.

San Miguel santutegia

Santutegira jaitsi eta bisita ere egin genuen. Bertako aterpea otordurako leku paregabea zela eta, hala egin genuen, indar berritzea garrantzitsua baita.

Bueltarako GR20 bidearen markak jarraitu genituen.  Halako batean markak utzi eta GPSa adierazten ziguna jarraituz hegia zehartu eta Madotzera itzuli ginen. Bueltako ia bide osoa basoan doa.

TRACKA HEMEN