ARALARKO ERREGENEA BASOTIK MALLOETARA

08.11.2015 21:36

Aralar mendilerroa Euskal Herriko mendigune garrantzitsuenetako bat da. Gipuzkoako Goierrik eta Nafarroako Araitz haranak eta Sakanak inguratzen dute. Geografikoki Kantauri eta Mediterraneo itsasoen ur-banalerroan kokatua dago. Kareharriz osatuta dagoen mendigune honi gaur egun duen itsura erosioak eman dio. Euri urak lapiaz korapilatsuak, dolinaz beteriko zelaiak bistan utzi ditu eta lurrazal azpian koba eta leize sistema konplexu bat gordetzen du. Intzako Dorrea (1.430 m) mendilerroko tontor garaiena da. Mendi ezagunena berriz Txindoki (1.343 m) da, bere irudi zorrotza Goierriko belardi berdeen gainetik altxatzen da.

Mendilerroan dauden trikuharri, tumulu eta menhir kopuru handia aipagarria da. Gehienbat mendiguneko gune garaietan, belardi eta basoetan kokatuak Neolitiko garaitik mendilerroan dagoen artzaintza jardueraren lekuko dira. Aralar ez da belardi eremu zabalak bakarrik, baso handiak ere badaude, Erregerena pagadia esaterako.

Albiko trikuharrua

Beste mendilerro batzuk ez bezala Aralar mendi multzo konpaktua da eta gune desberdinak bereizi daitezke. Iparraldean Txindoki mendiaren sektorea dago, Ekialdean Malloak daude, Hegoaldean Artxueta mendiaren eta Aralarko San Migel baselizaren sektorea dago eta Mendebaldean, Ataun gainetik altxatzen den sektorea. Hemen gehien nabarmentzen mendia Sarastarri izan daiteke. Erdigunean Ganboko mendi multzoa garrantzitsuena da.

Guardetxeko aparkalekuan nago, garai batean hemen altxatzen zen guardetxeren hondarren ondoan. Elkargune estrategikoa izan baitzen artzain, mendizale, eskiatzaile, perretxikozale eta beste askorentzat. Ateak beti irekita zeuden edonorentzat eta behar izanez gero baita koltxoi bat gaua bertan igarotzeko. Betiko joan dira egur-suan mimoz prestatutako babarrun gorriak, txorizo pintxoak, gazta edo salda.

Goizeko 8:30ak dira, dirudi eguraldia polita izango dudala. Basoan barneratu eta Albirako bidea segi, begirada atzera bota eta guardetxea ez ikustea nostalgiak barruak hartu dizkit. Albiko trikuharri handiaren aurrean nago. Hiru harlauzako kamera du eta gainekoa oso handia da.

Tuturre

Norabidea aldatu eta basoan zehar jarraitzen duen bide zabaletik Urdangoena leporantz noa. Joxemari eta Migelen borden eta hilarri baten ondotik pasatu naiz. Bustintzako bordara iritsi aurretik bidetik irten eta Arregiko Etxeak izena duten arkuek ikustera joan naiz. Egoera txarrean dauden kupuladun artzain eraikin zirkular bitxiak. Bidea segi, Bustintzatik pasatuta basoa atzean utzi dut eta maldan gora Gazteluetako trikuharriaren ondotik pasatu naiz Belokiko tontorrera iritsi aurretik. Unaga eta Etzantzako belardiak eta Malloak bistan ditut, baita Erregeneako herri-baso zabala ere. Izan ere Beloki, Txameni, Desamendi eta Errenaga mendi ilara aipatutako belardien eta basoaren mugan dago.

Etzantzako belardietara jaitsi naiz hemendik Unagako putzura joateko. Bidean muino batean etzanda dagoen Arakilgo menhirra ikusi dut. Uda partean aziendaz beterik egoten dira inguru hauek baina urteko parte honetan zaldi batzuk besterik ez ditut ikusi. Negua gerturatzen ari dela seinale. Unagako putzua pasatu eta gertu dauden Garraztitako eta Maantsako trikuharrietaraino joan naiz. Lehenengoaren kamerak hiru harlauza ditu eta bigarrenekoak bost.

Beloki

Orain Iparrerantz aldapan gora hasi naiz Beldarri eta Intzako Dorrearen tontorren bila. Poliki-poliki altuera hartzen noa, panoramika gero eta zabalagoa da. Tontorretatik jaisten diren mendi-tolestura bakoitzaren atzean txoko berriak agertzen zaizkik. Beldarriko gaina eta segidan oso gertu dago Intzako Dorrea. Aralarko mendi garaiena. Haizeak jotzen baina hala ere eguraldia oso ona da eta hemen goitik dagoen panoramika benetan zoragarria da. Tontorpean, 1.200 metro beherago, Araitz haraneko berde eta okre kolore desberdinen mosaiko ederra zabaltzen da, eta paisaia alde guztietara irekitzen da: Pirinioak, Andia, Urbasa, Aizkorri, Durangaldea, eta abar luze bat. Eguraldi ederra eta leiho honetatik ditudan bistak aprobetxatuz hamaiketakoa bertan egin dut. Euskal Herriko elezaharretan Lurra, Ama-Lurra, Jainko nagusi bezala agertzen zaigu. Natura guztiaren sortzailea eta izaki guztien bizileku eta babesa. Bere alabak diren Eguzkia eta Ilargiak egunero amaren barnetik, Lurraren sabeletik sortu eta Ortzian ibilbidea burutu ondoren berriro amarengana itzultzeko

Bidea jarraitzeko ordua da eta berriro martxan jarri nahiz. Orain goitik beherako bidea betetzea dagokit. Denbora asko pasatu gabe Trikuharri izeneko lepora iritsi naiz. Bertan izen berdineko trikuharri bat dago. Igaratzako zelaiak eskuinean ikusten ditut. Gertu dauden Errenagako aterpeetara jaitsi naiz eta bertako iturrian ura hartzeko aprobetxatu dut.

Hemendik Desamendira igotzeko bidea segi dut. Errenagatik ekialdera Belokiraino dagoen mendi ilaran kokatuta dagoen tontor belartsua da. Hemendik ere bista oso politak daude. Orain Bizkainoren bordatik pasatuz Desaoko aterpe pribaturaino jaitsi naiz. Artzain askoren artean ohitura da borden ateetan Erramu egunean bedeinkatutako erramuzko gurutze bat jartzea. Maiatzaren 3an, Santakrutz egunean jartzen da. Batzuek baratze eta soroetan ere jartzen dituzte etxea eta lurrak ekaitzetatik, tximistetatik, kazkabarretik eta abarretik babesteko. Gurutzearen ondoan eguzkiloreak ere jartzen dira, sorginen begizko edo sorginkerietatik babesteko.

Bitxikeriak

Hegoalderantz jarraitu dut laster ezkerrean ikusten dudan Ipuzmeakako leporantz joateko. Lepora iritsi aurretik txabola baten eta Txemineko aterpe pribatuaren ondotik pasatu naiz. Lepoa pasatu eta berriro Erregeneako basoan pago nabil. Lurrak orbelaren kolore gorrixka du, han eta hemen kareharriaren zuriarekin eta goroldioaren berdearekin zipriztinduta. Mugardi eta Domingosare parajeetatik pasatu ondoren berriro Migelen bordara iritsi naiz. Pixka bat aurrerago bide hau utzi eta mendebalderantz joan naiz Otadiko trikuharriaren bila. Kameran bi harlauza daude eta gainekoa falta da.

Poliki-poliki Guardetxerantz noa. Amaitzear dago basoz, belardiz, mendiz, historiaz, tradizioz, ohituraz osatutako, inguratutako, ibilaldi eder hau. Aralar, zaindu eta kontserbatu behar dugun altxorra. Beti hain ederra, beti hain magikoa, itzuliko naiz.

TRACKA HEMEN