ARALARKO ZEHARKALDIA EDO… 4. Etapa ERRAZKIN – GAINTZA.
Gaur burutu nahi dugun laugarren etapa honetan Malloako gainetara igoko gara.
Aralarko Malloak, Araitz haranaren gainean, Algorta menditik Balerdi edo Mallo-Zar tontorreraino luzatzen dira. Berez Malloak, Araiz eta Beteluko lur sail amankomunetako malda piko eta tenteko belardiak omen dira, baina gaur egun mendi lerro osoari izen bera ematen zaio.
Eguna garbi-garbia argitu du eta Errazkinetik ikusten dugun paisaia eta panoramika ederra da. Zerua urdina, Malloak elur pixka batekin estalita eta haranean belardi berdeak, benetan ikusgarria. Gainetan ez dirudi elur asko dagoenik eta elur-erraketak autoan utzi ditugu eta Baratzail atakako jaitsierarako, badaezpada, motxilan kranpoiak sartu ditugu. Eta paraje paregabe honetan, motxilak bizkarrean ditugularik, poz-pozik abiatu gara.
Malloak
Tenperatura ona dago eta hasierako aldapan berotu gara. Pago eta goroldio artean Mallobide edo Postarango bide polita jarraitu eta esfortzu pixka bat egin ondoren Belutako langara iritsi gara. Behean Errazkin ikusten dugu. Panoramika zabala dago eta Pirinioak ederrak ikusten ditugu. Mendilerroko bizkarrean gaude, desnibel handia gainditu dugu baina aurrean oraindik gora eta beherako aldapa asko ditugu.
Lehendabizi Arriolatzeko maldan pago biluzi eta kareharri artean gora joan gara eta tontorra ezkerrean utzi dugu. Zubizelaigaina ere ezkerrean utzi dugu. Malloak bere edertasun guztia erakutsiz azaldu zaigu. Algorta edo Alborta eskuinetik inguratuz gure pausoak aurrez aurre dugun Abateko leporantz eta Tutturrerantz zuzendu ditugu. Aldapa pikoa gainditu ondoren tontorrean gaude. Tutturre (1.282 m). Ikusten dugun paisaia zoragarria da eta alde horretatik erabat asetzen gaitu. Badirudi hemendik aurrera bidean elurra izango dugula.
Pallardi izango da igoko dugun hurrengo gaina. Tutturregiko txabola pasatu eta hasi dira gure komeriak. Lapiaz gune honetan elur asko dago pilatuta eta toki batzuetan, harkaitz arteko zuloetan, gerriraino sartzen gara. Nola ala lortu dugu tontorrera iristea, baina lan honetan denbora eta indar asko eman behar izan dugu. Pallardi (1.291 m).
Irumugarrietako tontorretik
Baina ez dira hor bukatu zailtasunak, Otsazuloko edo Illaungo lepora jaitsi eta Atallorbeko maldan ere elur asko dago pilatuta eta bertan dagoen txabolaraino igotzeko ere izerdi majo bota dugu. Hau ere pasa dugu eta aurrean Mendiaundi dago. Asmoa eskuinean dagoen gune karstikoan dauden “arkuek” izeneko eraikinak ikustera joatea zen, baina a zer nolako panorama dagoen ikusita, onena zuzenean Mendiaundiko aldapa igotzea izango dela pentsatu dugu.
Panoramika gero eta zabalagoa eta politagoa da. Muinoz muino aurrez aurre ditugun Beldarri eta Irumugarrieta mendietarantz goaz. Gune honetan ez dago hainbeste elur eta aurrera errazago goaz. Beldarri (1.401 m). Gain onetara iristea asko animatu gaitu, orain oso gertu dago gaurko azken tontorra, pixka bat gehiago eta bertan gaude, Irumugarrieta (1.427 m).
Hemen goitik dagoen bista ikusgarria da, amaiezina: Itsasoa, Pirinioak, Demanda, Aizkorri, Andia, Urbasa, Gorbea, Aiako Harria, Larrun, Aralar bertako mendiak eta artzaintza guneak….. eta Araiz harana herri txikiz zipriztinduta.
Aldaon
Tontorraz gozatu eta atsedenalditxo bat egin ondoren jaitsierako bidea hasi dugu. Gutxi gorabehera ipar-mendebal norabidea jarraituta Aldaon eta Irumugarrietaren artean dagoen Baratzail lepora jaitsi gara. Kranpoiak jarri behar izan ditugu, aldapa pikoa da eta elurra gogortuta dago. Arazorik gabe baina kontuz jaitsi dugu lehen zatia, pagadian sartu arte. Hemen bidea jarraitzeko arazo gehiago izan ditugu, goiko maldetatik eroritako elur asko dago, bidearen arrastorik ez dago, GPSa jarraituz malda zeharkatzen goaz. Azkenean lortu dugu Larremeako parajera iristea. Orain bide garbia dugu aurrean eta lasai-lasai beherantz goaz, malda pikoko pago eta belardi artean Araitz haraneko Gaintza herri politerantz.
Etapa hau benetan ikusgarria izan da, eguraldia, elurra, paisaia,…..ibiladi zoragarri bat burutzeko osagai denak bateratu dira eta oso ongi pasatu dugu.