ARALARKO ZEHARKALDIA EDO... 5. etapa GAINTZA - LARRAITZ

03.04.2015 21:12

Etapa honetan Nafarroa eta Araitz harana atzea utzi eta Gipuzkoako Tolosaldeko eskualdean sartuko gara.

Malloak mendien magalean eta Araxes ibaiak zeharkatutako Araitz harana, Arribe, Atallu, Azkarate, Gaintza, Intza eta Uztegi herriek osatzen dute. Behealdeko lursailetan belardiak eta hariztiak nabarmentzen dira. Arteak, lizarrak, gorostiak, gaztainondoak, zumarrak… ere ikus daitezke. Goialdetan berriz, mendiko larreak eta pagadiak dira nagusi. Eta inguru paregabe honetan hegazti mota ugari eta erbi, basurde, orkatz, lepazuri, azkonar eta azeriek babesleku egokia dute.

Balerdi

Elezahar eta kondairak ere badute bere lekua hemen: Araizko sorginena edo Antxo erregearen minak sendatzeko haranean bizi zen adarbakar mitologikoarena esaterako. Baita Inkisizio garaietan bertako herritarrek bizi izan zuten historia krudel eta latzarentzat ere.

Goizeko 9ak jotzeko minutu gutxi falta direla eta eguraldi zoragarri bat lagun dugularik, Gaintzan hasi eta Astunaldeko lepora igotzeko aldapa tenteari aurre egingo diogu. Paisaia ederra da eta Balerdiko punta zorrotza eta malkartsuak dena menpe hartzen du. Astiro, astiro, hauspoa gehiegi behartu gabe, gorantz goaz. Neguko elurrek malda hauetako belarrak etzanak eta erreta utzi dituzte. Lepotik gertu oraindik elur pixka bat dirau. Haranean udaberria loratzen hasia dago baina gain hauetan lorez beteta ikusteko egun batzuk itxaron beharko ditugu. Astunaldeko lepora iritsi garenean Arritzagako sakona ireki zaigu aurrean, baita Ganbo eta, batez ere, Txindokiko punta. Egurraldeko lepoaren atzean Aizkorriko mendilerroa agertzen da.

Aldaon

Artubiko tontorrera igoko gara. Hemen goitik dagoen panoramika zabalaz gozatzeko aukera izan dugu. Itsasotik Pirinioetara, Tutturretik Gorbeara… Pixka bat goian eta Balerdiko tontorrerantz goaz. Puntu garaienean gelditu gara, gaur puntaraino joateko ertza ez dugu pasatu.

Txindoki

Berriro Artubira bueltatu eta, dagoeneko Gipuzkoako lursailetan, biderik gabe Zabalegiko leporantz jaitsi gara. Lepo honetan, arkue baten ondoan indarrak berritzeko zerbait jatera gelditu gara. Paraje polita, haizerik gabe eta eguzkiaren epeltasunean gustura gaude baina aurrera jarraitu behar dugu. Aldapa malkartsuan dagoen bidezidor estua jarraituz Plazegiko iturriraino jaitsi gara eta GR-20 eta GR-121 ibilbideekin bat egin dugu.

Orain bide oso polit betetik doan GR-20a jarraituko dugu Amezketara jaisteko. Jaitsiera luzea da, bidea oso polita, harrizko hormatxo, belardi, haritz, hurritzen eta pago artean, tarte batzuetan harbidea kontserbatzen duena. Done Martieko baseliza eta atseden lekutik pasatu gara herrira iristeko azken aldapa jaitsi aurretik.

Larraizko belardiak

Amezketako Ergoiena auzoan Aranzasti-Goiko errotaren ondoan Arritzagako erreka pasatu dugu. Orain Txindokiren itzalpean eta Mariren begiradapean bide zabaletik Larraitzeraino igo gara etapa polit honi amaiera emanez.

TRACKA HEMEN