ARALARKO ZEHARKALDIA EDO... 6. etapa LARRAITZ - ATAUN

12.04.2015 22:00

Etapa honen hasiera Aralarren barneratzeko sarrera bat den Larraitzen izango da eta Aralarko ikur bat den eta mendizaleen artean oso ezaguna den Txindoki mendira igoko gara.

Goizeko zortziak eta laurden dira aparkalekutik abiatu garenean. Zerua urdin urdina dago, behe-lainoek haranak estaltzen dituzte. Gure aurrean Txindokiko maldak bat-batean zerurantz altxatzen dira. Gaur Ipar eta Ekialdeko isurialdetatik igoko gara. Bide estua, aldapatsua, sigi-saga eginez, paraje eder eta zoragarrian gorantz goaz. Txindoki eta Larragoene mendien arteko Muitzeko langa gaindituta mendilerroko goialdeko larreetan sartu gara. Errekatxoa aurrerantz jarraituz gero Ganborantz joango ginateke. Gaur eskuineko aldapa belartsuan gora joan gara eta Egurralko txabola eta lepora iritsi gara. Aurrean Aizkorriko mendilerroa dugu, atzean Malloak, eskuinean Txindokiko azken aldapa eta ezkerrean Auntzizegiko maldak eta Aralarko goialdeko belardi zabalak. Txindokiko Mendebal isurialdetik jende andana dator.

Haranak lainopean

Tontorreraino igotzeko azken aldapan poliki-poliki goaz, eguna luzea joango zaigu eta indarrak gordetzea komeni zaigu. Beste behin Txindokiko tontorretik dagoen panoramika hitzik gabe utzi gaitu. Gipuzkoako balkoia?.

Beherako bidean Egurralko lepora bueltatu gara eta hemendik, aldapa belartsuan, Beltzulegi eta Zirigarateko artzain txaboletatik gertu pasatu gara. Hamarretarako ordua dela eta, Zirigarateko Beheko txabolatik gertu, harkaitz batzuen ondoan haizetik babesean, etenalditxo bat egin dugu.

Indarrak berritu ondoren Hego-mendebalde norabidea jarraitu dugu, Atauburuko parajerako bidean. Alotzako belardietara eta Elutsetako txabolara igotzeko bidea ezkerrean utzi dugu. Atauko trikuharriaren hareharrizko lauza handien aurrean gaude. Honen barruan aurkitutako gauza ederrak Aranzadi Zientzia Elkartean jasota daude.

Beltzulegiko txabola eta Txindoki

Errekontako lepora jaitsi gara. Aurrean Ausa-Gaztelu mendia altxatzen da. Bere tontor harkaiztsuan  Nafarroako Erresumako gotorleku baten hondarrak daude. Bertatik mendietatik itsasertzera zihoan bidea zaintzen zen. Tontorra alboan utzi eta malda inguratuz Mendebaldera ikusten diren Ausokoiko txaboletara zuzendu gara.

Txaboletatik gertu Ausokoiko trikuharria dago. Tumulua bakarrik dago, ez ditu lauzak. Hegoaldeko maldan, biderik gabe, beherantz joan gara Amiltzetako txaboletara doan zidorra hartu arte. Beherago Enirioko galtzadarekin bat egin dugu. Aralarko transhumantziako bide garrantzitsua. Gaitzolako iturritik eta Akapulko edo Olareagako lepotik pasatuz Arkakako aisialdi gunera jaitsi gara. CAF enpresaren zentral hidroelektrikoan jarritako Uraren interpretazio Zentroa eta Arrantza eskola dago bertan. Mahai batean eserita bigarren hamarretakoa egin dugu. Toki lasaia eta baketsua, eguzkiaren epeltasunean, Amundarain edo Osinberde ibaiaren uren xuxurlarekin, ogitartekoa eskuetan, baso ardoa aurrean, solasaldian… ederki gaude.

Txindoki

Aurrera jarraitu behar eta, urtegitxoa inguratuz Zaldibiarantz doan bidea gertu dagoen Lazkaoetxeko landa-turismo eta jatetxeraino jarraitu dugu. Hemen Amundarain baserrira eta lepora igotzeko pinudian doan bide zabala jarraitu dugu. Tarteka, zuhaitzen artean, Ausa-Gaztelu eta Txindokiko puntak ikusten ditugu.

Lepoan ur freskoa darion iturri ederra dago. Baserri aurrean Ataunera bideratuko gaituen zidorra dago. Begien aurrean Agauntza ibaiaren ibar estua eta luzea zabaltzen da. Gertu dago gaurko ibilaldi politaren amaiera, dagoeneko Ataun San Martingo etxeen teilatuak ikusten dira. Oraindik toki batzuetatik Txindokiren gaina ikusten da, Aralar zainpean izango balu bezala.

TRACKA HEMEN