ARALARREAN…

09.08.2015 22:13

Beste behin Larraitzera gerturatu gara Aralarretik buelta bat emateko asmorekin. Goizeko zortziak inguru dira eta eguna lainotsua dago, oraintxe bertan lanbroa ari du. Motxilak bizkarrean hartu, zamarrak eta kapak soinean eta Zamaon martxan jarri gara.

Zazpiturrira bideratuko gaituen bidea jarraitu dugu. Iraregi baserriko zelai batean orein talde handi bat ikusteko aukera izan dugu. Bidea segi eta Zapiturriko inguruan mendiaren maldatik behera hainbat erreken urak Auzateko errekara doaz. Lizeaga baserriaren ondotik pasatu, Unanbide baserriaren parean pista utzi eta antzinako harbide bat segi dugu.

Ganboko maldak Pardelustik

Poliki-poliki altuera hartzen goaz, bideak basoan barneratzen gaitu. Nahiz eta eguna goibela eta bustia egon, paisaiak eta koloreek indar berezia dute. Bide tarte batzuetan Elordi eta Arinetako bordetara doan pista segi dugu. Pistan ibilgailu mugimendua ikusi dugu eta bi mendizaleek gaur Aralarko San Migel Goiaingerua Igaratzan sartzen dela eta bertan erromeria ospatuko da.

Arinateko bordaren ondoan hamarretakoa egiteko gelditu gara. Beherago Arritzagako erreka eta mehatzeko eraikinen hondarrak ikusten ditugu. Gainak laino daude. Indarrak berrituta ganaduen xenda segituz Pardelusko aska eta iturriraino iritsi gara. Hemen Igaratzara doan bidea utzi eta maldan gora mendebalderantz goaz Pardelusko borden bila.

Pardelusko borda

Parajean bordak eta lizarrak daude. Memento batean Ganbo inguruko goialdeak ikusteko aukera izan dugu baina berriro lainopean ezkutatu dira. Norabidea jarraituz Lizasoko leporantz goaz. Inguruan abelgorriak eta zaldiak dabiltza. Pardarri eta Ganbo arteko Lizasoko lepoan artalde handi bat ere badago. Orain iparrerantz gorantz goaz eta denbora gutxi barruan tontorrean gaude. Ganbo (1.413 m). Lainoa dela eta, ezer gutxi ikusi ahal dugu.

Tontorretik behera Irazustako lepoaren bila goaz. Behin lepoan Alotzako belardien atean gaude. Orain belardi zabal hauek zeharkatu behar ditugu. Lainoa eta belardiak nahasita, paisaiak dimentsio magikoa hartzen du. Aurrerago ur freskoa darion Alotzako iturria topa dugu. Belardietan aurrera segi, Alotzako zelaiak atzean utzi ditugu eta Saltarriko menhirrera iritsi gara. Paraje hauetako kulturaren lekuko isila. Aita Barandiaranek jasotako elezahar batek dio jentil batek Murumenditik bota zuela. Aurreraxeago Elutsetako borden goialdetik pasatu eta berehala Zirigaratera jaisteko maldan gaude. Gainak laino artean dauden bitartean orain Oria ibarreko lur eta herri batzuk ikusten ditugu.

Alotzako belardiak

Bidea oso irristakorra dago eta kontu handiarekin jaitsi behar izan dugu, lehenengo Zirigarateraino eta gero Oria iturriraino. Txindokira igotzeko bide hau normalean jendez gainezka dago baina gaur apenas bakan batzuk ikusi ditugu. Jaitsiera jarraitu eta konturatzerako Larraitzen gaude, Zamaoko parajean.

TRACKA HEMEN