ARTIKUTZAKO PARADISUAN ETA BIANDIZKO GAINETAN…

15.11.2015 23:04

Oiartzun, Lesaka, Arantza, Zubieta, Beintza-Labaien eta Goizuetako mendien arteko orografia malkarreko mendi-zirkuan Artikutza izeneko eden txikia dago. Pago eta haritzez osatutako itsaso olatsu bat. Paradisu lasai eta baketsua, bertan orkatzek, basakatuek…. babesa aurkitzen dute eta txoriek txio alaiak luzatzen dituzte.

Gizakiak antzina-antzinako garaietatik ezagutzen du inguru hau. Aurkitu diren trikuharri zaharrenak orain dela 4.000 urtekoak dira eta garai hartako artzain edo gizakiak hilobiratzeko erabiltzen ziren.

Burnaniarriko gaina

Goizeko 8ak inguru dira. Ibilaldia Exkaxen hasi dugu eta lehenengo pausoak Bunaniarriko tontorrerantz dira. Eguraldia ederra dugu eta gain hauetatik dugun panoramika ikusgarria da. Bunaniarriko tontorretik  hegoalderantz goaz. Artikutzako mugetatik kanpo gabiltza. Bide aldapatsutik goitik behera Bedarbioraino joan gara, Añarbe errekaraino. Mendiarteko sakon hezea da inguru hau.

Ibaia gorantz finkako mugetan barneratu gara eta Ubidea jarraitzea erabaki dugu. Baso mardul eta hezean barneratzea gozamena da. Hemen goizeko lainoa zuhaitzen adarretan kateatzen da eta itzal eta argien arteko jolasa sortzen du. Gaur ez dugu lainorik eta harkaitz bustiak eta goroldioz bildutako enborren paisaiak topatzen ditugu. Basoak badu zer gehiago erakusteko, ikazkinek moldatutako pago-motzak edo itsasontziak egiteko bihurgune bereziekin hazitako haritzak, joandako garai batzuen ogibideak adierazten dizkigute.

Ardiak gainetan

Añarbeko ibaia ondoan dugularik Artikutzako auzora iritsi gara. Baserri gutxi batzuk, aterpetxe bat, pilotaleku bat, San Agustinen baseliza eta Olajaundiko jauregiak osatzen dute auzotxo hau. Azken bi hauek tokiaren historiaren nondik norakoen adierazle dira. XIII. eta XIX. mendeen artean Artikutza Orreagako fraide agustindarrenak zen eta artzain, abeltzain, ikazkin, karegile eta olagizonei errentak kobratzen zieten baso eta belardiak ustiatzeagatik. Gaur egun garai hartako ehun bat mugarri kontserbatzen dira, eta hauetako askok jabegotza adierazten duen makulua grabatuta dute. Mendeetan zehar egindako baso eta meatze (burdin, kobre eta kaolina) jarduerak deforestazio handi bat eragin zuen. XX. mendearen hasieran Donostiako udalak hiria uraz hornitzeko finka hau erosi, hesitu eta bertan egiten ziren jarduerak itxi. Ondorioz basoa berreskuratzen joan da.

Artikutzara iritsi aurretik Elama errekaren urek Añarbekoekin bat egin dute. Erreka hau jarraituz gero Gozaringo burdinolako 700 urte inguru dituzten hormatzarren hondarrak aurkituko ditugu. Gorago Labeetako labeak daude, labe ikusgarri hauetako bat zutik jarraitzen du. Baina gaurko ibilaldian ez gara Elamako inguruetara joango.

Olajaundiko jauregia

Enubietako urtegiaren horma ondoan, ispilua dirudin urari begira hamaiketakoa egin dugu. Indarrak berrituta urtegia hegoaldetik inguratzen hasi gara eta ia buelta osoa burutzear gaudenean Elizmendiko maldan gora hasi gara. Asmoa Bidangogainara igotzea da. Baso ederrean gorantz goaz, Artikutzan oraindik pagoek hostoak dituzte, hosto berdeak. Guardak esan digu lehenengo izotz egunetaraino iraungo dutela horrela, gero bi egunetan eroriko direla. Aldapa leuntzen den tokian gure bidea utzi eta Erroiarriko ur-jauzia ikustera joan gara. Gaur errekak ez darama ur asko eta jauzia ez da hain ikusgarria, hala ere txoko hau oso polita da eta begiratoki natural honetatik begiratzea polita da.

Berriro bidean aldapan gora jarraitu dugu tontorrera iritsi arte. Puntan bertan zutik jarraitzen duen menhir bat dago. Orain Bidasoa aldeko isurialdea bistan dugu. Berriro mendi-bizkarrean gaude eta panoramikak  ederrak dira. Oso gertu Aiako Harria nabarmentzen da. Mendi-bizkar gainetik Artikutzako finkako muga den alanbre-hesiaren ondotik ipar-mendebalderantz jarraitu dugu. Burnaiztegietako lepoan iturri bat dago eta bertan gelditu gara beste mokadu bat hartzeko. Segidan Galtzarrietako puntara igo gara eta norabidea mantenduz Biandizko tontorrera ere iritsi gara.

Galtzarrieta

Ibilaldia amaitzeko Exkaxburuko gain belartsutik pasatu ondoren Iturraldeko iturrira jaitsi gara. Jaitsiera motz honetan ez dago bide garbirik eta tarte batean oteak nahiko itxi dute. Hala ere arazorik gabe pasatu gara. Exkax oso gertu dugu.

TRACKA HEMEN