ASONGO PARKE NATURALEAN...

06.08.2015 21:30

Asongo Parke Naturala Sobako udalerri zabalean kokatua dago. Kareharrizko mendigunea da eta duen glaziar izaera bere ezaugarri garrantzitsuena da, non ur-dinamikak eta prozesu karstikoek lapiazak, torkak, kobak… landu dituzte. Ekosistema desberdinak, landaretza eta fauna ugariko paisaiaren edertasunaz gozatzeko toki paregabea.

Goizeko zortzi t’erdiak inguru dira eta Collados de Ason mendatean gaude. Eguna goibel argitu du, mendi tontorrak lainoz inguratuta daude eta eguzkiaren arrastorik ez dago. Motxilak bizkarrean hartu eta mendebal norabidea hartu dugu. Pista zabaletik gorantz goaz. Horneoko saroira iritsi gara. Garai batean abeltzaintza eta artzaintza gune garrantzitsua izandakoa. Borda ugari era harresitxoaz mugatutako belardi asko daude. Paraje honen behealdean Ason ibiaren sorburua den ur-jauzia dago.

Los Campanarios

Gora segi eta Posadía lepora iritsi gara. Eguzkiak poliki-poliki lainoak desegiten ari da eta gure ezkerrean Los Campanarios mendiaren kareharrizko horma bertikalak azaldu dira eta eskuinean berriz Mesón del Saco mendiaren malda harkaiztsuak ditugu.

Bide zabala utzi eta eskuinerantz doan xenda estua jarraitu dugu. Bideak Brenavinto poljea goialdetik inguratzen du. Picón del Fraile mendiaren irudi ederra aurrean dugu. Bideak 500 bat metroko luzera duen Hazas del Respiradero izeneko harkaitz arteko korridore estu batean sartu gaitu. Bestaldean pagadi batean azaldu gara baina laster irten gara basotik.

Zeruan eguzkia nagusitu da eta ez da laino arrastorik gelditu. Paisaian kolore berde, urdin eta zuriak nagusi dira. Txilarra eta ote artean iparrerantz goaz. Carrío mendia bistan dugu eta harantz goaz. Bidera artzain txakur atera zaigu eta Cuendeko saroiraino lagundu digu. 1.280 metro altueran gaude. Hiru artzain belar biltzen hari dira eta behi talde bat inguruan dago. Gorantz jarraitu dugu eta laster tontor zabalean gaude. Carrío (1.443 m).

Cuendeko saorian lanean

Mendi hau Porracolina eta Picón del Fraile mendiak lotzen dituen mendilerroan kokatua dago. Porracolina iparrerantz ikusten dugu baita Ason haranera jaisten diren Colina haitzarteko maldak ere. Benetan paisaia polita. Mendabaldera berriz Pas haraneko Mieraren ibarreko eta Picones de Sopeña mendien malda belartsuak.

Hego-mendebalde norabidea segi eta El Espinajon izeneko gailurreriatxoa pasatu ondoren, bi behor beren bi zalditxoekin topatu gara eta ia ez ginen denok sartzen, La Vaga mendilerroko Pizarras mendira igo gara. Gain belartsua eta zabala. Pizarras (1.496 m). Aurrean Picón del Fraile mendiaren saihetsezineko irudia eta tontor-tontorrean dauden instalazio militarrak. Eskuinera atzo igo genuen Castro Valnera eta bere ipar isurialde bertikala. Glaziarrek landutako Miera aldeko malda ia bertikalak berde berdeak azaltzen dira gure begietara. Han eta hemen Pasietarrak eraikitako borda ugari ikusten dira, batzuk ezinezko diruditen tokietan jasota. Han eta hemen lasai asko dauden abelgorri eta zaldiak ikusten ditugu.

Carrío

Bide segi eta Los Cuernos de la Vaga izeneko lepora jaitsi gara. Aurrean gaurko azken mendiaren azken aldapa dugu. Bide belartsuan gora poliki-poliki goaz, eguzkiak ondo berotzen gaitu. Tontorrera iritsi gara. Veinte (1.511 m). Mendi honek Pizarras mendiarekin batera La Vaga mendilerro txikia osatzen du. Hegoalderantz Bustalveinte lepoa dago eta bertatik Lunadako mendatea gertu dago.

Guk goizean hasitako zirkulua ixten hasi behar eta maldan behera txilarra eta belar artean ekialderantz goaz, sakonean ikusten diren Bustalveinte saroiko bordetarantz. Hauetako batek eskaintzen duen itzalaz baliatuz indarrak berritu eta zintzurra freskatu dugu.

Porracolina

Orain Picón del Fraile mendiaren ipar-mendebal isurialdea estaltzen duen pagadi ederra zeharkatuko dugu. Bidea eta ingurua oso polita da eta itzala izugarri eskertzen dugu. El Valle izeneko poljea inguratu eta Los Campanarios mendiaren maldan beherantz El Pozo bordara iritsi gara. Eta hemendik Brenavintoko poljera jaitsi gara. Urtze-aldi eta euri garaietan urez betetzen da eta aintzira hantzeko bat osatzen omen da. Gero ur hauek Anson ibaiaren sorburuan agertzen omen dira.

Posadía izeneko lepora igo eta hasierako bidearekin bat egin dugu eta goitik beherantz, goizean abiapuntu izan den Collados de Ason izeneko mendatera joan gara.

Ibilaldia oso, oso polita eta lasaia izan da.

TRACKA HEMEN