AUTRIGONEN LURRALDEAN, OÑAKO MENDILERROA ZEHARKATZEN…

17.05.2015 21:46

Burebako eskualdea Oña, Obarenes, Brujula eta Demanda mendien artean kokatua dagoen eta nortasun propioa duen lurraldea da. Historialari askoren ustez izena Vurovio jainko zeltatik omen datorkio.

Kristo aurreko VI eta II mendeen artean lur hauetako lehen biztanleak Autrigonak izan ziren, tribu zelta, eta Kantauri itsasoraino zabaldu ziren. Geroago erromatarrak iritsi ziren eta Kristo ondorengo III mendean bisigodoak. Erromatarrek egindako galtzadaz baliatuz VIII mendean arabiarrak iritsi eta ehun urte gelditu ziren.

Pan Perdido mendia

Oña mendilerroko magalean dagoen Navas de Bureba herritxoan nago. Eguna argitu du eta Burebako zeru zabala lainotsu dago. Mendien tontorrak laino artean daude. Mendilerro hau Bustos lepotik Oña herriraino luzatzen da. Obarenes mendien jarraipena da eta Eremu Naturalen Sareen barnean Paisaia Babestua izendatua izan da. Bestalde, Obarenes mendiak, La Llana,  Cubilla, Besantes, Pancorbo eta Arcenas mendilerroekin batera Obarenes Mendiak-San Zadornil Parke Naturala osatzen dute.

Goizeko zortzi t’erdietan abiatu eta Pan Perdido mendirantz zuzendu naiz. Oña mendilerroko tontor garaiena da eta historiaz beteriko lurralde honetan bertikalki altxatzen da. Tontorpean El Espinal izeneko monolito multzo bitxia dago eta soro artean hauenganaino gerturatu naiz. Bidea bukatu eta soroen bazterretatik ekialderantz joan naiz Quintanaelez herritik mendira doan bidearen bila.

Ventanas mendia

Zidor balizatua jarraituz maldan dagoen artaditxoan sartu naiz. Nire aurrean orkatz bat salto batean agertu eta beste batean desagertu da. Las Cabras edo Soto izeneko lepora (1.132 m) iritsi naiz, Ipar-mendebaleko haize hotza dabil. Eskuinean Castillo de Petralata tontor malkartsu eta harkaiztsua dago, ezkerrean Pan Perdido. Nahiz eta zerua lainotsu jarraitu tontorra ezkutatzen zuen lainoa desagertu da. Azken metroak gainditu eta puntan nago. Pan Perdido (1.237 m). Buzoia, erpin geodesikoa eta amildegia.  Panoramika oso zabala.

Gailurreriako ertza mendebalderantz jarraitu dut. Alde batean zeruertzean galtzen diren Burebako soroak, bestean Obarenes Mendien artean ezkutatuta dagoen bailara berdean Barcina herria ikusten dut.

Ventanas mendirantz noa. Mendiaren izena harkaitzean dituen zulo natural batzuengatik omen datorkio. Zidor estua jarraituz zulo hauetako bat topatu dut. Ibilbide pixka bat nahasia da eta non baiten zidorra galdu eta pago artean tontorpetik gaina pasatu dut. Eskerrak gutxi izan dela eta gaina bertan dudala. Azken metro hauetan bidea tontorraren hegoaldetik dator eta iparretik egin ditut.  Ventanas (1.209 m). Buzoia. Mendi honen hegoaldeko maldan Los Cuchillos izeneko kareharrizko monolitoak altxatzen dira.

Chozo El Callejo eraikina

Aurrean mendilerroko belardiak zabaltzen dira. Muino eta sakonune berdeak Mesa de Oña eta Cuchillos mendietaraino. Haizea aurpegian dudalarik mendebalderantz jarraitu dut. Laguna izeneko putzuaren inguruko belardiak abelgorriz beteta daude. Gertu Las Merinas txabolen hondarrak daude. Cuchillos eta Mesa de Oña mendien arteko leporako bidean Chutel putzua edo iturburua dago.

Ezpelen artean Mesa de Oñako azken malda gainditu dut. Gaina laua eta zabala ezpelez beteta dago. Puntu garaiena adierazten duen zutarria aurkitzea ez da erraza eta GPS jarraitu behar izan dut.  Mesa de Oña (1.205 m). Ezpelen artean aurrera jarraitu eta buzoia hego-mendebalderantz dagoen amildegiaren hertzean aurkitu dut. Hemendik ere bista politak daude.

Lepora bueltatu naiz eta Gargantilla izeneko haitzartean sartu aurreko sakonean Chozo El Callejo izeneko txabola topatu dut. Aralarren dauden arkuek gogorarazi dit. Eraikin oso desberdinak baina aldi berean antzekoak, jatorri desberdinekoak, baina biak artzaintza kulturak.

Mesa de Oña mendia

Beherantz jarraitu eta Gargantillako haitzarte estuan sartu naiz. Ezpelak eta sastrakak zidorra bereganatzen ari dira, horrela jarraituz gero laster bidexka desagertuko da. Jaitsiera motza baina malkarra da. Bidearen bi aldeetan kareharrizko hormak altxatzen dira. Paraje polita da. Hemen ez dabil haizerik eta tenperatura nabarmen igo da.

Eguerdiko ordu bietan haitzartea atzean utzi eta soro gari soro artean Navas de Bureba herriraino joateko bidea jarraitu dut. Zeruan ostarteak azaldu dira, gero eta handiagoak direnak. Eguzkia berotzen dut baina asko eskertzen dudan haize freskoa dabil. Ekialderantz noa eta bidean orkatz bat eta azeri bat ikusteko aukera izan dut.

Herriko plazan dagoen iturri handian freskatu naiz eta ur fresko trago eder bat hartu dut.  Buelta polita izan da.

TRACKA HEMEN