BARGAGAIN ETA SANTA MARINA PAGADIZ PAGADI

02.04.2015 22:04

Sakanako Urdiain herri politean goizeko zortzi t’erdiak jo dute. Zerua urdina dago eta dirudi mendi ibilaldi bat egiteko egun polita izango dugula. Gure asmoa Urbasak eskaintzen dituen pagadi ederretatik ibiltzea da. Goizeko freskurarekin Urdiango etxadia atzean utzi eta mendebal norabidea jarraitu dugu. Zeru ertzean Aratz eta Aizkorriko tontorrak oraindik elur pixka batekin ikusten dira.

Aratz eta Aizkorri

Altsasu parean Urbasako gainetara igotzeko aldapari heldu diogu. Aldapa oso tentea da eta nahiz eta poliki-poliki igo, altuera azkar hartzen goaz. Garai batean telegrafo dorrea izandakoaren Basaluzeko dorrearen ondotik pasatu gara.

Pagadian sartu eta bidezidor estua uso ehiza-leku batzuen ondotik doa. Basoa oso polita dago.  Gorantz goaz eta gailurretik gero eta gertuago gaude. Azken metroak erabat tenteak dira eta sigi-saga txikiaz eginez Altsasuko atakara iritsi gara. Hemendik Bargagaingo (1.156 m) gaina gertu dago. Tontorreko gurutze ondotik panoramika ederra dago. Sakana osoa aldez aldera, Gorbea, Aizkorri, Udalaitz, Izarraitz, Hernio, Aralar...

Baso sorginduaren irudi bat

Tontorra atzean utzi eta mendiaren hegoaldean dagoen pagadian barneratu gara. Baso sorgindua izeneko parajea oso polita dago. Zoruan orbela, pago zurien artean altxatzen diren kareharrizko irudi bitxiko harkaitzak goroldioz estalita. Oso polita.

Basoa alde batera eta bestera zeharkatu ondoren berriro gailurreriara iritsi gara. Ixuripunta ezkerrean dugu. Gu orain ekialderantz goaz, aldea batean Sakana eta bestean gailurreriako puntak ditugularik. Erdiko ataka pasatu eta berehala Urdiaingo atakara iritsi gara.

Santa Marinako menhirraren bila hego-ekialde norabidea jarraitu dugu. Pinu artean aurkitu dugu, etzanda eta bitan zatituta dago. Orain gertu dauden Santa Marinako baseliza eta aterperantz goaz. Gailurreriaren ertzean daude. Hemendik ere bista politak daude. Ekialderantz Iruaitzetako gaina eta bertan dagoen Jentilen zuloa ondo ikusten dira. Tontorra pixka bat mendebaldera dago eta harantz goaz. Sta Marina (1.068 m).

Sta Marina, aterpea eta baseliza

Aurrean ikusten dugun Urdiaingo lepora joan gara eta hemen Urdiainera jaisteko bidea hartu dugu. Bideak berriro ipar isurialdeko pagadi ederrean barneratu gaitu. Beherago gaztainondo ale batzuk ikusi ditugu. Arratsaldeko hirurak dira Urdiainera iritsi garenean.

TRACKA HEMEN