BAZTANGO ERRALDOIAREN BILA…

06.09.2015 21:56

Goizeko 9ak jo behar dute. Eguna bikaina datorrela dirudi. Gaurko asmoa Hauzara igotzea da eta Erratzuko Gorostapalo auzoan gaude bideari ekiteko prest..

Gorostapaloko baserri ederren artean  hasi dugu ibilaldia eta minutu gutxitan Xorroxingo ur-jauziaren aurrean gaude. Urte sasoi honetan ez du ur asko baina hala eta guztiz oso polita dago. Ur-jauziaren ezkerrean dagoen zidor estu eta aldapatsua jarraitu eta Iñarbegi auzora doan bidearekin bat egin dugu. Harbide zahar hau oso polita da, pendiz handiko maldak zeharkatzen doa eta bazterrean haritz eta gaztainondo ederrak daude, tarteka belardiren bat eta garo sailaren bat ere ikusi ditugu.

Xorroxin

Iñarbegira iristear gaudenean Sorginetxoako trikuharria ikusi dugu. Lau harlauzaz osatua dago. Ezkerrean Mazako muinoa altxatzen da. Gure asmoa hemendik zuzen igotzea zen, baina malda garo eta oteaz beterik dagoela ikusita aurrera jarraitu eta Iñabegi auzotik doan bidea garbia egongo delakoan, handik joatea pentsatu dugu.  Asmatu bai baina ez bete betean, tarte bat nahiko itxia baitago. Hala ere arazorik gabe jarraitu ahal izan dugu eta sigi-saga luze bat egin ondoren Mazako muinora iritsi gara. Txabolatxo zahar bat dago.

Haize hotza dabil eta zerbait gorago harkaitz batzuen babesean eta eguzkiaren epeltasunean hamaiketakoa egitera gelditu gara. Bista ederrak ditugu (besteak beste Mendaur, Aiako Harria, Larrun eta Alkurruntz),  eta ogitartekoa jaten dugun bitartean paisaia zoragarri honi begira gaude. Mendi tontorrez osaturiko zeruertza, berde kolore desberdineko zelai eta baso, era askotariko baserriak, abereak han eta hemen…

Harrigorri eta Hauza

Indarrak berritu eta berriro bidean gaude. Zaldi eta ardi artean Erregarri tontortxora igo gara. Aurrez aurre Hauzara igotzeko azken malda dugu. Goian jende multzoa ikusten dugu. Tontortxo honetatik jaitsi eta aurrean dugun harresia ezkerretik saihestu ondoren, mendi-bizkarrera igotzeko malda tentea gainditu dugu. Hauzako gain zabalean erpin geodesikoa ikusten dugu. Hemendik dagoen panoramika oso zabala eta polita da.

Mendiaren inguruko herrietan esaera bat omen dago, bere baitan altxor bat gordeta duela adierazten duena: “Hauza zuk baduzu gauza”. Altxor hori mendian oso ezkutuan dagoen koba zulo batean gordeta omen dago.

Iparla alderantz

Haize hotzak gogotsu jotzen du eta altuera pixka bat galtzea erabaki dugu. Harrigorriko puntara joateko Lezeagako lepora jaitsi gara. Behetik horma bertikala azaltzen duen tontortxo honetan inguruari begira pixka bat egon gara. Pago artean aldapan behera segi dugu Elorrietako leporaino. Bertan dauden trikuharria eta harrespilak ikusi ditugu. Gure arbasoek milaka urte lehenago inguru hauetan artzaintza lanetan ibili zirenaren lekuko.

Berritzen ari diren Bordazarraren ondotik  sakonean sartu gara. Bide zabaletik, hasieran pago artean eta beherago haritz eta gaztainondo artean, aurrera goaz. Iñarbil auzora iritsi aurretik belardi artean eta baserri batzuen ondotik ere pasatu gara.

Gorostapalo

Iñarbil auzoan, harraskaren ondoan Xorroxinera joateko bidea jarraitu eta iritsi aurretik Gorostapalorako bidea hartu dugu inguru paregabe batean burutu dugun ibilaldi eder bati amaiera emanez.

TRACKA HEMEN