BISAURIN, Frantsesen bidetik

28.09.2013 11:21

Bisaurin mendi handiaren magalean, Pirinioetako Mendebaleko Haranen Parke Naturalaren bihotzean gaude. Gaua Lizarako aterpearen babesean pasa dugu. Goizean goiz, zeruertzean mendien gainak argitzen hasiak direnean, lozaku goxotik atera eta jaiki gara. Motxilak eta guk geuk ere prestatu, gosaldu eta bidean abiatu gara. Laino zuri mehe batzuk zerua estaltzen dute, baina ez dirudi eguraldi txarra izango dugunik.

Aterpearen goialdean gorantz doan bidea hartu dugu. Poliki-poliki altuera hartzen goaz, Ordelcako aterpera iritsi eta Alto de Fetas eta Bernera mendien arteko sakanera zuzentzen ditugu gure pausoak. Ezker-eskuineko malda malkartsuen artean gorantz doan zidor estua jarraitzen dugu. Ehiztarien aterpe ondotik pasatu eta berehala Plana de Mistresa parajean sartzen gara.

Eskuinean Sarrioen Haran ederrera eta Estanes lakura joateko bidea, ezkerrean Bisaurinera eta Puntal de Secusera joatekoa. Azken hau jarraitzen dugu eta laster Castillones sakanean aldapa asko tentetzen da. Poliki-poliki, pausoz pauso, arnasa gero eta estuagoa, baina hau ere gainditu dugu eta beste lautadatxo batera iritsi gara. Aurrean elurtegi bat, neguan izandako elurtetik iraun duena.

Bisaurin eta Secus lepoa

Aurrean Secus lepoa dago eta ezkerrean Bisaurin mendiaren malda malkartsuak. Bidea jarraitu aurretik beste atsedentxo  eta mokadutsu bat indarrak berritzeko eta ondoren dugun aldapari aurre egiteko. Gorantz jarraitu eta laster lepora doan bidea utzi eta Alto de Fetas eta Bisaurin mendien arteko sakanean barneratzen gara.  Nahiz eta bide honetan ere mendizaleak ibili, ohiko bidetik at dago eta inguru bakartiagoa da, gaur mendizale bakarrekin elkartu gara, Puntal de Secusera doa. Gainera malda malkartsuen artean doa eta horrek ere bide alpinoagoaren kutsu ematen dio. Pentsamendu eta sentsazio horiekin maldetatik eroritako harkaitz bloke artean aurrera goaz. Estu gune hau pasatu eta aldapa berriro tentetu eta ireki egiten da. Orain inguruko malden gainetik gaude eta mendiz osatutako itsasoa balitz bezala Pirinioak azaltzen zaizkigu. Midi d’Ossau mendi dotorea nabarmentzen da. Bidean Edelweiss lorea ikusteko parada ere izan dugu, ez da lehen aldia inguru honetan ikusi izana.

Edelweiss, elurretako lorea

Aldaparen azken metroak gainditu eta…  tontorra!!!. Bisaurin (2.670 m). Hemendik dagoen ikusmira ikusgarria da. Haizeak jotzen du baina jasangarria da eta bertan hamaiketakoa  hartzea erabaki dugu. Ez da toki txarra indarrak berritzeko, lasai lasai, panoramika ederraz gozatzen dugun bitartean. Zeruan lainoak nagusi dira baina eguraldia ona dago.

Tontorretik

Atseden eder baten ondoren aurrera jarraitzeko ordua da eta mendi honetara igotzeko ohiko edo gehienek erabiltzen duten bidea jarraituz Foraton lepora jaitsiko gara. Aste eguna da eta ez da ikusten besteetan ikusten den jende andana, egia esanda ez dugu bat bakarra ere ikusi, eta eskertzekoa da. Lepo honetatik GR-11 eta Camilleren Xenda igaro dira. Ezker aldera Lizarako aterpea, eskuinekora Gabarditokoa. Udaran abelgorri eta zaldi ugari dituzten belardi berdeak bietara.

Aurrera segi eta Puntal Alto de Foraton mendira igo gara. Gabas edo Cutas mendizerrako ekialdekoena. Hemendik panoramika ederra ikusten da, hasi ezkerrean Peñaforcan eta Collaradan bukatu eskuinean, eta bien artean tontor lerro ederra: Agüerri, Bisaurin, Bernera, Aspe, Llena del Bozo, Lecherines…

Bisaurin
Aspeko mendiguena

Gaurko ibilaldia bukatzear dago, aterpera jaisteko azken malda aldapatsua aurrean dugu. Sentimendu nahasiak, pena, poza, nahiak, nekea dagoeneko ahaztuta…. Eta, hurrengoa noiz? Nora? Eta burmuinean ideiak borborka burua berotzen. Laster haize hotzaren uluak entzungo dira Pirinioetako mendi garai zurituak zeharkatzen dituzten bitartean. Neguko materiala eta burdinak ateratzeko garaia iristear dago.

Eta pentsamendu horiekin aterpera iritsi gara. Garagardo eta atsedenalditxo bat etxerako buelta hasi aurretik. Gaur ere ederki gozatu dugu. Norbaitek esan zuen bezala, honela bizitzeko hobe ez hiltzea.

TRACKA HEMEN