CAMEROS ZAHARRA ETA BERRIA, LEZA ETA IREGUA IBAIEN ARTEAN…

10.05.2015 21:35

Cameros Berria eskualdearen atarian, konglomeratuzko harkaitzen babesean eta Iregua ibaiak ureztatutako soro eta baratzaz inguratuta  dagoen Islallana herritxo errioxarrara goizeko zortzi t’erdietan iritsi gara..

Paisaia polita da, kontraste handikoa, soro eta baratzeen berdearen gainetik, ibaiaren bi aldeetan,  konglomeratuzko harkaitz gorri-horixka bertikalak altxatzen dira. Hego-mendebalderantz, Sayón eta Berrendoko harkaitzek “Camerosko atea” izeneko estugunea osatzen dute.

Islallana eta Berrendoko haitzak

Hego-ekialderantz, Peña Bajenzako horma bertikalak zerurantz luzatzen dira. Gaurko lehen helburua mendi honen tontorrera igotzea da. Motxila ilusioz beterik mendiaren ezkerretik doan bide aldapatsua jarraitu dugu. Laster zuhaitzen artean sartu gara. Ia ordubete behar izan dugu tontorra zapaltzeko. Peña Bajenza (943 m). Tontorreko balkoi zorabiagarritik panoramika oso polita dago. Deigarriena gertuko paisaia da, garai honetako soro eta baratze berdeak, herritxoak han eta hemen, gertuko mendiak: Castillo de Viguera, Saida, Serrezuela, Cerroyera…, eta zeruertzean marrazten diren hainbat eta hainbat gehiago.

Hegoalderantz Saida mendia ikusten dugu, bere ezkerrean Serrezuelaren tontor harritsua dago. Gure bigarren helburua Saidara igotzea da eta harantz doan zidorra jarraitu dugu. Belarditxo, arte, pago eta pinu artean doan zidorrak Serrezuela eta Saida mendien arteko leporaino (1.224 m) bideratu gaitu. Kareharrizko azken malda biderik gabe gainditu eta gainean gaude. Peña Saida (1.370 m).

Soroak

Leza eta Iregua ibaien artean, Cameros Zaharra eta Berriaren arteko mugan, Tierra de Cameros eskualdeko azpieskualdeen mugan gaude. Mendi hau Cameros Zaharra mendilerroko mendi garrantzitsuenetako bat da. Begiratoki ederra, bertatik, Kodes, Kantabriako mendilerroa, Demanda, Urbion, Cebollera… ikusten ditugu. Pirinioak ere ikusten omen dira, baina gaur ezin ditugu ikusi zeruertza  laino dagoelako.

Eguraldi bikaina dugu eta tontorrean bertan hamarretakoa egin dugu. Non hobe?. Mokadu bat, errioxa tragotxoa, solasaldia… ederki gaude.

Berriro martxan jarri eta hego-mendebalderantz goaz, bidean muino desberdinen arteko lepotxoetan abelgorri eta zaldi batzuk ikusi ditugu. Paisaia zabala da. Aurrean kareharrizko Cerroyera tontorra ikusten dugu. Puntan antena batzuk ditu. Rebellon eta Palomero muinoak pasatu ondoren maldan behera ipar norabidean joan gara. Biderik gabe, elorri artean, harantz eta honantz, gune garbienak bilatuz, aurrera segi dugu. Azkenean errekatxoa jarraitzen duen bidexka batek zelaitxo bateraino, harkaitz batzuetaraino eta txabola batzuen hondarretaraino bideratu gaitu. Inguru honetan abelgorri eta zaldi buru batzuk ikusi ditugu.

Sayon

Harkaitz hauek beste aldetik horma bertikalak dituzte eta jaitsiera jarraitu ahal izateko mendebaldeko bazterrean duten pasagunetik gainditu ditugu. Gainetan dabilen haize puntua galdu dugu eta mendi magalean tenperatura nabarmen igo da. Bidetxoa jarraituz igeltsu-harrobira jaitsi gara eta hemendik Viguera herriraino joan gara.

Iregua ibaiaren gainetik, Silla del Diablo eta Palomar mendien arteko lepoan kokatua dagoen Cameros Berriko herritxo honetara izerditan eta egarriz iritsi gara. Historia luzeko herria, Aibar Machmua kronikari berbereak 759garren urtean bere idatzietan aipatzen baitzuen.

Herriko plazan taberna batzuk daude eta arkupetako itzalean garagardo freskoa eta mokadutxo bat hartu dugu. Plazatxoa polita da eta iturri freskoa, itzala eta taberna pare bat ditu. Ederki gaude hemen eserita, baina zangoak gogortzen hasi aurretik berriro bidean gaude.

Bajenza haitza

Herriaren punta batean Peñueco izeneko begiratokia dago. Hemendik ikusten den kolore nahasketa polita da. San Esteban, Castillo de Viguera, Berrendo eta Sayón mendien horma bertikalak ere ondo ikusten dira. Plazara bueltatu eta Silla del Diablo eta Peña de la Concepción mendien horma bertikalen artean doan bidea jarraitu dugu. Haitzarte honetatik Cueva errekatxoa igaro da eta Ireguarekin bat egiten duenean, Sayon eta Berrendoko haitzen artean aurrera segi eta Cameros Berria atzean utzi dugu. Ibilaldi polita, kontraste handikoa izan da.

TRACKA HEMEN