DEBA GARAIKO HAITZ ETA ZELAIETAN….

14.12.2014 23:15

Egun lainotsuan Urkuluko urtegi ertzean dagoen Goroeta auzoan hasi dugu gaurko ibilaldia. Eta poliki-poliki kareharrizko Zaraiako mendilerroan barneratzen goaz. Hemengo tontor aipagarrienak, besteak beste, Kurutzeberri, Aranguren, Andarto, Orkatzategi  eta Elorreta dira. Mendilerro hau behatoki ederra da eta, beste batzuen artean, Gorbea, Anboto, Udalaitz, Aizkorri eta Txindoki  ikus daitezke.

Paisaia karstiko malkarrean dezenteko ur emari daraman Arbe errekatxoaren sakonean gora goaz. Basoa mota askotariko zuhaitzez osatuta dago, goi partean pagoa nagusi delarik. Mendiaren malda tenteak ezartzen gaituen martxa geldoa jarraituz Andartoko kareharrizko piramidearen tontorrera iritsi gara. Zeru lainotsuak gris kolorea du eta hemendik dagoen panoramika gaur tonu triste xamarra du. Hala ere Haranetan ikusten diren laino apurrak paisaia ederra osatzen dute.

Andarto

Mendebaldera Degurixako zelaia dago eta harantz zuzendu ditugu gure pausoak. Edertasun handiko parajea. Kareharrizko tontor artean Eki-Mendebal norabidea duen sakonune handia. Artzain txabolak eta kortak adierazten digute toki honetan zein izan den garaien gauetatik gaurdaino iraun duen jarduera tradizionala. Garai honetan zaldi buru batzuk besterik ez ditugu ikusi.

Zelaia pasatu eta pago artean Gerastegiko txabolara igo gara handik Bizkarlatzeko lepoa irabazteko. Lanbroa hasi du eta hemendik aurrera, nahiz eta ater uneak izan, hezetasuna nagusitzen joango da. Alde batean Araotz eta Arantzazu erreken sakonak eta bestean Debako ibaikoa ditugularik, Aranguren mendirantz goaz. Otsoen harratea pasatu eta Aranguneko azken aldapari aurre egin diogu.

Degurixa

Aranguneko gutunontzira iritsi gara. Elorreta eta Kurutzeberri mendiekin batera Ipar-hego norabidean lerrokatuta dauden hegoaldeenekoa da. Lainoek hasi dira zeruertzeko mendiak ezkutatzen eta horrela Anboto eta Udalaitz irudi lausotu batzuk besterik ez dira. Zidorra jarraituz pagadian behera Apotza edo Kargalekuko lepora iritsi gara. Inguru polita.

Aurrean kareharrizko Elorreta mendia dugu. Harkaitzen artean puntaraino igo gara. Iparrerago Kurutzeberriko gurutzea ikusten dugu. Gune karstiko hau zeharkatuz gurutzea iritsi gara. Nahiz eta azken metroetan harkaitz busti eta irristakorrak gainditzeko eskuen laguntza behar izan dugu. Kurutzeberri (1.113 m). Zaraiako mendi famatuenetako bat. Deba ibaiaren ibar-buruan nagusitzen den mendi ederra. Bere gainetik haran eta mendi paisaia polita ikusten da, baita Deba haraneko bista zabala ere.

Pagoak Irupagoeta inguruan

Orain beherako bidea hartu dugu. Burdintxo txabolaren ondotik pasatu eta bide zabal eta aldapatsutik beherantz goaz. San Juan Txiki baselizara jaisteko zidorra alboan utzi dugu. Urigarai baserrira iritsi baino lehen bide nagusia utzi eta Ipar-ekialde norabidea hartu dugu. Txabola baten ondotik pasatu eta pago batzuen artean behera jarraitu dugu. Laster baso koniferoa nagusitu da Areantza auzoraino. Iturria, Abadetxea, Andra Mariaren eliza, edo Josejoakiñena, Peruena eta Txikienekoa baserriak atzean utzi ondoren Urkulu urtegira iritsi gara.

TRACKA HEMEN