GOROBEL MENDILERROAN…..

24.10.2015 23:15

Nire zaletasunari esker Euskal Herriko eta beste hainbat tokietako leku eder ikusi eta ezagutzeko aukera izan dut, harritu edo aho zabalik utzi nauenak eta beste modu batera ezagutuko ez nituenak. Berunezko zeru eta urre eta kobre-koloreko egun hauetan Gorobel mendilerrora gerturatu gara. Aiara haranaren gainetik harrizko horma bertikal luze bat altxatzen du. Hormapean basoz estalitako aldapa handiko maldak haraneraino jaisten dira.

Ungino

Tologorri, Ungino, Eskutxi, Añes eta Aro tontorrak mendilerroko Ipar eta Ipar-mendebaldean daude, Araba eta Gaztela arteko mugetan. Aiara aldera horma bertikalak azaltzen dituzte eta goi-lautadara igotzeko antzinatik erabiltzen diren ataka edo igarobide daude. Gaurko ibilaldian hauetako bi erabiliko ditugu, Atatxako ataka goranzkoan eta La Barrerilla beheranzkoan. Goi-lautadan artzaintzarako erabiltzen diren muino belartsuak daude eta amildegietatik gertu paisaia karstikoetako harkaitza azaleratzen da. Inguru honetan askotan sortzen den behe-laino egunetan lautada hau nahaspilatsua bihurtu daiteke. Foehn efektuari bertakoek “El Bollo” deitzen diote.

Antzinako kondaira batek dioenez, mendilerro honetan herensuge handi bat bizi zen eta ardi esnearekin eta bidean aurkitzen zituen gizasemeen haragiarekin elikatzen zena. Txarlazo mendiaren tontorpean bizi omen zen. Handik gertu Kobaundi izeneko koban euskal mitologiako Mari jainkosa babesten omen zen. Garai haiek joan ziren, baita mendilerro honetan bizi ziren pertsonaia mitologikoak ere. Edo… auskalo.

Eskutxi Aroko buzoitik

Gaurko ibilaldia Urduñako Lendoño Goiko auzoan hasi dugu eta Ventafria baserri ondotik eta Garondoko lepotik pasatuz, Tologorriko malda inguratzen Unginoko tontor harritsuaren bila goaz. Ungino mendia haranetik ikusita malda belartsu aldapatsuak euskarri dituen harrizko buru handi bat dirudi. Idas ibaia pasatu ondoren goi-lautadara igotzeko Unginoko ekialdeko maldan gora goaz. Zidor aldapatsuak Atatxako atakaraino bideratu gaitu eta izerdi majo botarazi egin digu. Behean Aiarako lur zabal eta berdeak gelditu dira.

Lepora igo eta Unginoko tontorra gertu altxatzen da. Bide nabarmenik gabe tontorrera igotzeko azken metroei aurre egiten diegu. Ungino (1.099 m). Tontorretik oso gertu “Unginoko begia” izena duen zuloa dago. Ekialdera Tologorriko branka ikusten dut. Iparraldera ehunka metro erortzen den bista zorabiagarria da.  Hego eta Hego-mendebaldera Gorobel mendilerroa zabaltzen da. Mendebaldera, gertu Eskutxi ikusten dugu.

Kobata

Ibilbidea segi eta Las Escaleras izeneko atakara jaitsi gara. Bertan ur-putzu bat dago eta gertu kobazulo bat. Bertan Brontze Garaiko lanabesak aurkitu ziren eta bizileku bezala erabilia izan zela uste da. Guk kobareb babesa hamaiketakoa egiteko aprobetxatu dugu. Indarrak berrituta berriro martxan jarri gara. Inguru karstikoan amildegitik gertu Eskutxiko buzoiaren bila goaz. Eskutxi (1.185 m). Gorobel mendilerroko tontor garaiena.

Añes puntarantz jarraitzen dugu, amildegitik gertu doan bidea nabarmena da. Zedarri handi batek Añes puntaren gaina adierazten du. Hemendik amildegiko bistak ikusgarriak dira: kareharrizko horma erraldoi bat Angulo haranerantz erortzen da, errepidea gorantz doa Losa haraneko herrien bila, Carbonillako mendilerroa Mena haranean galtzen da, Peñalba de Lerdano mendien irudi ilunak zeruertza mozten dute, Ordunteko mendiek Enkarterriko muga adierazten digute….

Lendoñoko pagadia

Tontor harritsutik Aroko lepoa eta Kobatako pagadia ikusten ditugu. Amildegiko hertza jarraituz Aroko lepoan Victores santuaren omenez jasotako arkuraino jaitsi gara. Baseliza bat eraikitzeko baimenik ez eta bere burua besoetan duen Victores santuaren omenez harrizko arku bat jaso zuten.

Kobatako bordak eskuinean utzi eta pago artean Unginoko leporantz iparraldera goaz. Somoko malda zeharkatuz berriro mendilerroko iparraldeko amildegira iritsi gara, segidan Menerdigako bordetaraino jarraitzeko. Artalde handi bat parajean dabil baita bi mastin ere. Altxatu eta zaunka hasi dira baina bat berehala etzanda berriro, ez gintuen elementu arriskutsuak bezala ikusiko. Beste berriz belarriak gora eta behera zeramatzala korrika eta zaunka guganaino etorri da. Herensugearen ondorengo bat ez ote da izango?. Gure atzean zaunka genuela, ipurmasailak estu-estu eginda aurrera jarraitu dugu. Ekialdean Tologorriko punta ikusten dugu eta bertaraino joateko, ia desnibelik gabe, amildegiaren ondotik jarraitu besterik ez dugu. Tologorri (1.055 m). Lendoño Goikotik izugarrizko branka bat izango balitz bezala Urduñako zeruan ikusten den mendi erakargarria. Mendilerroan duen posizio aurreratuak eskualdeko begiratoki pribilegiatua bilakatzen du. Nahiz eta zeru lainotsua egon panoramika ederra eta zabala eskaini digu.

Tologorri

Lendoño Goikora jaitsi behar gara eta horretarako ibilaldiko azken partea bete behar dugu. Hego-mendebalde norabidean beherantz goaz. Iturrigorri izeneko iturri emankorrean ur trago freskagarri bat hartu ondoren La Barrerilla atakara iritsi gara. Behin hormapean malda aldapatsua zeharkatzen duen zidor estua segi dugu. Bideko lurrak duen koloreagatik “Xenda beltza” bezala ezaguna da. Lendoñoko pagadia kolorez beterik dago. Pago artean sartu eta Errenaren Harria izeneko harkaitzaren ondotik pasatu gara. Isusi izeneko artzain batek zurezkoa zuen zangoa bertan pausatu eta atsedena hartzeko erabiltzen zuelako omen datorkio izena. Aldapatzar honetan atsedena hor bakarrik hartu behar ba huen ez hintzen makala Isusi jauna.

Pixka bat beherago eta Lendoñogoitin nago. Mendi egun ederra igaro dugu.

TRACKA HEMEN