GR 282 ARTZAINTZA NATURBIDEA. 7 eta 8. etapak.

11.05.2014 21:38

FRESNO DE LOSA–SAN ZADORNIL eta SAN ZADORNIL-GINEA.

Bi etapa hauetan (Fresno de Losa – San Zadornil eta San Zadornil – Ginea) Gaubea haranean zehar ibiliko gara. Gaubeak uneoro harritzen du. Nekazal herriak, basoak, ibai eta errekak, galtzadak, isiltasuna eta lasaitasuna, ondare historiko-artistikoa eta naturala…. Bertako mendiak, batzuk oso malkarrak eta beste batzuk malda etzanagokoak. Basoetan pagoak, pinu gorriak, arteak, erkametzak, artzek, ezkiak, lizarrak, txopok… Gari, garagar, koltza, arbia… soroetan. Orkatzak, azeriak, basurdeak, basakatuak, katagorriak, erbiak… ikus daitezke baso eta soro hauetan. Zeruan berriz sai arrea, belatzak, sai zuriak, arrano beltzak….

Fresno de Losa – San Zadornil. Etapa hau Burgosko Losa haraneko Fresno herritxoan hasi dugu. Hegoalderako bidea hartu eta Risca de San Pedro eta Risca de San Sebastian mendien arteko lepoan Gaubeko lur eremua zabaldu zaigu. Orain Arabako lursailetan gaude. Zeruertzean Gaubeako mendizerra ikusten dugu. Arte eta pinu batzuen artean Quintanilla herrixkara iritsi gara.

Eguraldi ederra dugu, zeruan eguzkia nagusi da eta zereal soroek berde kolore oso polita dute. Paisai polita, txorien kantua, bakea eta lasaitasuna, garagar soro batean orkatz bat saltoka zuhaitz artean desagertu da. Soro artean Bovedara iritsi gara. Herri lasaia eta polita. Bide ondoan ur freskoa darion bi tutuko iturri bat dago.

Gaubea mendizerrako maldan gora goaz. Atzean gelditu dira gari, garagar eta koltza soroak. Orain erkametz, pago eta pinuk dira gure bidelagunak. Azken partean aldapa gogortu da baina denbora gutxian La Sierra (1.090 m) lepora iritsi gara. Aurrean Valderejoko Parke Natural ederra, berde berdea azaldu zaigu. Pagadiak, pinudiak, artadiak, belardiak, soroak… kareharrizko harresi luze batez inguratuta. Lepoaren ezkerraldera mendizerra Karria ikusgarriraino luzatzen da, eskuinaldera, Valderejo harana inguratuz, Recuenco (1.241 m), Vallegrull, (1.225 m) eta Santa Ana (1.042 m) mendiak. Puron ibaiak landutako paisai zoragarria.

Karria

Haranean Lalastra herria dago. Bertara jaitsi eta hamarretakoa egiteko leku oso aproposa dela eta, bertan geldialditxoa egin dugu. Herriaren sarreran XVI. mendeko erroilua dago. Herritxo hau Valderejoko Parke Naturaleko sarrera da, bertan besteak beste parketxea dago.

Bidea jarraitu eta pinu gorri artean Puron ibaiaren ibar estuan sartu gara. Uraren ibilgua jarraituz Ribera (776 m) herri hustura iritsi gara. Bakarrik Erdi Aroko pinturak dituen eliza jarraitzen du zutik. Alde batean Vallegrull mendiaren horma bertikalak eta bestean San Ana mendiaren irudi konikoa altxatzen dira eta bien artean Puron ibaiak landutako arroila polita. Arroilatik igaro den bidea Bureba eta Bizkaia, Briviesca, Frias eta Urduña arteko garai bateko galtzada garrantzitsua da.

Ur-jauzi artean arroila pasatu eta arte artean sigi-saga ugari egiten dituen zidorretik, Santa Ana mendiko maldan gora Santa Ana (907 m) lepoaren bila segi dugu. Valderejoko Parke Naturala atzean utzi, Obarenes Mendiak eta San Zadornil Espazio Naturalean sartu eta Burgosko Arcena mendizerran aurrera goaz. Basoa zeharkatzen duen bide zabaletik Villafria de San Zadornil herrixkara iritsi gara. Bertatik Arcena mendizerrako Revillallanos (1.281 m) eta Valdelamediana (1.218 m) mendien tontorrak ondo ikusten dira.

San Zadornil

Goitik behera doan bidea jarraitu eta San Zadornil herrira iritsi gara. Sarreran errota zahar bat dago. La Dehesilla izeneko haitzarte ondoan dagoen etxe politaz osatutako nekazal herri txiki bat da. Ipar-mendebaldean Karriaren punta zorrotz-zorrotza ondo nabarmentzen da.

Etapa oso polita gaur burutu duguna.

San Zadornil – Ginea. Eguna behe-lainoz estalita eta euritsua argitu du. Prestatu, motxila bizkarrera, kapa gainetik eta bidean aurrera joan gara. La Dehesilla (660 m) haitzartea pasatu eta bide zabalean zereal soro artean aurrera goaz. San Millan de San Zadornil herria zeharkatu eta Valpuestara joateko zidorra jarraitu dugu. Mendi artean ezkutu dagoen Erdi Aroko herri txiki eta polita. Herri honetako Santa Maria kolejiatan gazteleraz idatzitako lehenengo dokumentuak gordeta daude. Mendian gora joan gara eta Araba eta Burgos arteko muga zeharkatu dugu Uribarri Gaubea herrira iritsi aurretik. Hau Gaubeako herri nagusia da.

Atertu du, zerua laino jarraitzen du baina ateri. Zereal soro artean aurrera segi dugu eta Villanañe herritik pasatu gara Varonatarren dorrera iritsi baino lehen.

Zereal soroak

Aurretik zegoen dorre batean XIII-XIV. mendeen artean eraikitako dorre ikusgarria da. Bi eraikinez osatuta dago: dorrea eta jauregia, eta harresi eta ur-hobi batez inguratuta. Dirudi Ruy Perez almirante bisigodoak VII mendean dorrea eraikitzea agindu zuela. Muinotxo batean kokatuta dago, zereal soroz eta Carabo eta Berbea mendiaz inguratuta. Bertatik ikusten den paisaia zabala eta polita da. Indarrak berritzeko aprobetxatu dugu.

Bidea jarraitu eta buelta handi bat emanez Espejo herrira jaitsi gara. Omecillo ibaia pasatu eta herriko erdigunean sartu. Hemendik igaro zen Vindeleia (Puentelarra) eta Flaviobriga (Bilbao) arteko galtzada erromatarra. Gesalibarko gatza ere herri honetara ekartzen zen bide honetatik banatzeko.

Hemen Ipar norabidea hartu eta Olvedo mendigunerantz joan gara. Mendigune honek hiru tontor ditu: Campillos (865 m), Olvedo (932 m) eta Pelistornes (942 m). Aldapan gora hasi aurretik Villamaderne herritxotik pasatu gara. Herritik oso gertu, bide alboan, sai talde handi bat animali baten gorpuzkiak jaten hari da. Gerturatzen hasi garenean hegan altxatu dira. Gertuagotik ikusi ahal izateko esperantza bagenuen, baina… Mendi-malda zeharkatuz bidea segi dugu eta Bellojin herrixkara gerturatu gara. Hemen Pasador lepora bideratuko gaituen aldapa gogorra hasi dugu. Hasieran arte artean goaz eta goialdean berriz pinu artean. Pasador (895 m) lepoa Olvedo eta Pelistornes mendien artean dago. Mendi hauen Ipar-ekialdean harrizko horma bertikal eta airosak daude.

Varonatarren dorrea

Gaurko ibilaldiaren amaiera gertu dago. Aldapa tentean behera joan eta basotik irteterakoan Ginea (707 m) landa herritxoa bistan dugu. Eliza eta etxe gutxi batzuk dira. Plaza ondoko zelaian txahal batzuk bazkan daude. Karkamu mendizerra eta Olvedo mendigune artean Lakozmonte haranean dago.

Etapa hau ere polita izan da, nahiz eta zerua laino eta iluna egon, paisaiak edertasun berezia zuen.

TRACKAK HEMEN: 7. eta 8.