ITXINA, ELEZAHARREN GORDELEKU ETA LABERINTIOAN… (II)

19.07.2015 23:30

Aste bat besterik ez da pasa Itxinan izan ginenetik eta berriro bueltatu gara. Joan zen igandean paraje ikusgarri eta magiko honetan ikusi gabe gelditu zitzaigun parte batean ibiltzeko asmorekin etorri gara, eta gaurko ibilaldia biribiltzeko igandean pasa ginenen toki batzuetatik berriro pasatuko gara.

Aurrekoan lainoa izan genuen lagun eta dirudi gaur eguzkia eta beroa izango ditugula. Gaurko ibilaldia ere Pagomakurren hasi eta bukatuko dugu. Aurreko igandean bezala Arrabara igotzeko bidea jarraitu dugu. Arrabako zelaiak abereaz beterik daude, zaldi, zaldikume, behi eta txahalak nonahi ikusten dira, baita artalde txiki batzuk ere.

Mendi Federazioaren Arrabako aterpearen ondotik pasatu eta Gorostetara igotzeko bidea hasi dugu. Belardi aldapatsuan gora goaz eta harkaitz eta pago artean sartu ondoren tontor harritsura iritsi gara. Gorosteta (1.259 m). Iparralderantz Itxinako eremua bistan dugu.

Mendebalderantz jarraitu dugu Ipergortako gain biribil eta belartsuaren bila. Gertu dago eta ez zaigu asko kostatu iristea. Ipergorta (1.235 m). Belardian behera iparrerantz joan eta harkaitzez, goroldioaz eta pagoez osatutako paisaia zoragarrian barneratu gara. Joan zen igandean lainoen hezetasunak paisaiari eta koloreei indarra ematen zien eta gaur berriz eguzkia da  bizitasuna ematen diena. Modu batera edo bestera, nahiz elurra, lainoa, euria edo eguzkia izan, osagai hauek dituzten paisaiak beti ederrak eta magikoak dira.

Axlagor kobaren sarreretako bat

Eta mundu honetan murgilduta Neberabarriko elur-zulo sakonera iritsi gara. Hau ere Itxinako beste puntu garrantzitsu eta ezkutua da. Honetaz gain Itxinan beste bi elur-zulo daude, Neberabaltz eta Neberazar izenekoak. Zulo hauten pilatu eta gordetzen zen elurra Orozkora eta Bilbora jaisten zen hainbat erabilera desberdinak emateko.

Neberabarri eta Kargalekuko trokea atzean utzi eta aldapa harritsu tentean gora Altipitatx (1.171 m) mendira igo gara. Itxinako tontor esangurenetako bat. Alde batera Itxingoteko troke handia eta arratea daude. Bestera Lexardiko artzain gunea eta Lekanda mendia ikusten ditugu.   

Tontor eta trokez osaturiko labirinto honetan Iturri Ederrako Puntara igotzeko bidea jarraitu dugu. Kareharrizko tontor tentea da. Batzuentzat inguru honetako punta politena. Harkaitz artean gorantz gainera iritsi gara. Iturri Ederrako Puntie (1.135 m). Hemendik jaitsi eta beste troke bat inguratuz Itxinerdiko Atxa (1.117 m) tontorrera igo gara. Hau da gaurko ibilaldian igoko dugun azken gaina.

Atxularko Atea

Orain Itxinan dagoen Lexardiko artzain gunea eskuinean utzi eta iparrerantz doan bidexka jarraituko dugu. Gure asmoa Axlagor eta Supelegor kobetara joatea da, aurreko igandean ere izan ginen, baina beste bisita bat merezi dute. Bide ondoan Lezabaltz izeneko leize dago. Zulo sakona eta benetan beltza.  

Atxularreko parajera iritsi eta Atxularreko Atera joan beharren Axlagor eta Supelegorreko kobetara joateko mendebalderantz jarraitu dugu. Ikazkinen txabolaren hondarren ondotik pasatu gara. Eta iritsi gara, lehenengo Axlagorrera eta segidan Supelegorrera. Mari, Sugaar, basajaun, lamiak eta sorginak hemen ezkutuan ote daude? Pago eta goroldioz estalitako harkaitzen arteko zirrikituetatik eta elezaharren laguntzarekin a ze nolako parajea honako hau imajinazioa libre ibiltzeko.

Atzera bueltan Atxularreko Atera joateko bidea hartu dugu. Hau ere Itxinako beste puntu ikusgarri eta garrantzitsua da. Itxinan sartzeko pasabide inportanteenetako bat, artzain, ikazkin, egurgile eta mendizaleek erabilitako ohiko bidea. Kareharrian dagoen zulo natural honetatik pasatu eta bat-batean Itxinako mundu magiko eta ederra atzean gelditu zaigu. Aurrean Arratiako Harana eta paisaia zabala ireki zaigu.

Atxular Haitza eta Urtutxe

Malda berdean behera joan gara eta basoa zeharkatuz Pagomakurrera iritsi gara. Gaurko ibilaldi hau ere ederra izan da, egian esanda Itxinan bestelakorik ezin daitezke egin, denak ederrak.

TRACKA HEMEN