IZARRAITZEKO MENDIGUNEA. Urola eta Deba ibaien artean

31.08.2013 00:00

 

Gaur Izarraitzeko mendigunea zeharkatuz Urola eta Deba ibaien haranak lotu nahi ditut. Zeruan hodei trinko daude eta eguna iluna dago.

Azpeitiko plazan hasi eta berehala lehenengo aldapak. Ipar norabidean Xoxoteko malda gogorrari heldu diot. Atzean gelditu dira Aranzeta, Bildotxola eta Urreta baserriak. Iraurgiko haranaren Hego-Ekialdean eta Hegoaldean Hernio eta Izazpi-Samiñoko mendiguneak lainoz estalita daude. Haranaren barrenean Urola ibaiaren urak Kantauri itsasoaren bila doaz. Egiondoko bordatik pasatu ondoren Badiolegitxo sakanean barneratu naiz, Erlo eta Xoxote artean.  Zuhaitz artean Azketako iturri ederrera iritsi naiz. Ur trago freskagarri on bat edan eta aurrera. Gorago, laino artean, Azketako elurzuloa dago. Hurrengo aldapa gainditu eta Saninazioren estatuaraino joan naiz. Hemendik bista ederra egongo da, baina gaur ez da egun aproposena horretaz gozatzeko.

Azketako iturria

Aterpearen ondotik pasatu eta, Xoxote (912 m). Erlo aurrean dut baino laino dago eta bere baitan dena ezkutatzen du. Adi joan behar da kareharri artean bidea ez galtzeko. Erlo (1.026 m). Bi punta ditu, gurutze banakin. Altuena bigarrena da. Hau da Izarraitz mendiguneko tontor garaiena.

Bidean atzera joan eta pausoak Zamalekuko leporantz zuzendu ditut. Pasagune garrantzitsua, hemen Aittola, Azpeiti eta Azkoititik igotzen diren bideek bat egiten dute. Aurrean Kakueta (924 m) mendia.

Azketako elurzuloa

Lepo honetatik aurrera mendigunearen Ipar isurialdean ibiliko naiz. Aittolako gurutzetik pasatu eta Sesiarte mendira joateko norabidea hartu dut.  Mugarrigain etxe azpitik eta Aittolaberriko txabolaren ondotik pasatu eta goranzko bidea jarraitu dut. Sesiarte (755 m). Pasatu dira ordu batzuk hasi naizenetik eta ez da toki txarra indarrak berritzeko. Hemen, mendian, harkaitz batean eserita, bakea, lainoz inguratuta, esku artean gazta, txoixua eta ogi puska, tragoxka bat ardo ere ezin falta. Nola hobeto?

Ardagaia

Motxila jaso eta aurrera. Agido eta Sesiarte mendien arteko sakanean beherantz noa. Itsasertza gero eta gertuago dago. Endoiara doan errepidea zeharkatu eta berriro gorantz, eguneko azken tontorraren bila. Eztaiaundi baserria pasatu ondoren Saltsamendi (580 m) puntara igo naiz. Orain gaina jarraituz Andutz (612 m) mendi  gainera  iritsi naiz. Itsasoa ere laino dago baina dirudi eguzkiak lortuko duela hodeiak zulatzea.

Mendi magalean Debako auzoa den Itziar dago, garai batean herri izandakoa, Gipuzkoako zaharrenetariko bat, eta berriro herri izan nahi duena. Dagoeneko Itziarren nago, Prozesio eta Galtzada kaleak zeharkatu ditut. Zeruan azkenean eguzkia gailendu da eta ibilaldiaren azken pausoak emanez San Roke muinotik behera Debara iritsi naiz. Deba ibaiaren itsasadarrean, ur gozo eta gaziak bat egiten duten tokian eraikitako herria. Haizeak itsasoaren usaina dakar.

Oraindik ez da trena hartzeko ordua eta herriko plazan dauden tabernetan zerbait hartu dut, jendearen joan etorriari begira egunak eman didanarekin gozatzen nago.

TRACKA HEMEN