KIMUBERRI ETA IRIMO ARTEAN

15.03.2015 22:10

Neguko azken egunetan gaude, eguraldia ez da mendira joateko politena baina gaur ere motxila hartu dugu eta martxan jarri gara. Urretxun abiatu eta hego-mendebalde norabidea jarraitu dugu. Lehenengo pausoetan euria lagun dugu eta lainoek inguruko mendiak ezkutatzen dizkigute.

Urretxuko lursailak atzean utzi eta Legazpikoetan sartu gara. Mendiarazpe baserri ondoan mendian gora hasi gara. Presarik gabe altuera hartzen goaz eta Otsazulueta parajean Lakiola-Etxeberri eta Lakiola-erdikoa baserrietara joateko bidea jarraitu dugu. Kimuberri aterpea baserri hauetatik gertu dago eta laster gara bertan.

Beheko suaren goxotasunean esertzen gara eta berehala salda, txorizoa, haragi egosia eta botila ardoa mahai gainean ditugu. Lagunarteko solasalditxoan gustura gaude eta konturatzeke ordua aurrera doa. Motxilak hartu eta berriro bidean gaude.

Arriaundietako muinoa inguratuz Deskargako mendaterantz goaz. Aurrean lainoen artean erdi ezkutatuta Irimo dago. Pinu artean maldan behera mendatera iritsi gara. Deba garaia eta Goierriko eskualde arteko mugan gaude. Errepidea pasatu eta Irimo mendiko maldetan barneratzen hasi gara. Antzuolako lursailetan gabiltza eta Trekutzera doan pista jarraituko dugu.

Botongo muinoa atzean utzi eta Azkarragako parajera iritsi gara. Garai batean Boton eta Azkarraga arteko inguru honetatik Gasteizera zihoan Errege Bidea pasatzen omen zen. Gaur egun paraje honetan ez dago haren aztarnarik. Bidean aurrera goaz, elurbustia hasi du baina ez du luzaro iraun.

Trekutzen trago bat ur hartu eta Irimoko puntaren bila goaz. Inguruak elur pixka batez zurituta daude. Hasierako aldapa tentea gainditu eta Meaka izeneko puntara iritsi gara, Irimoko zazpi puntetako bat.

Orain mendi-bizkarra gainez-gain zeharkatzen duen bidezidor estua jarraituko dugu. Mugarrisakongo lepoan Urretxuko lursailetan sartu gara. Aldapatxo bat igo eta Trintxuleku izeneko seigarren puntan gaude. Hurrengo lepotxoa Baxtanastizabal izena du, belartsua eta zuhaitzen artean dago. Orain Arrizuri da aurrean dugun punta. Bide honek eskaintzen dituen bista ederrak gaur ez ditugu ikusiko. Baina elur pixka batekin estalitako inguruan, laino artean ibiltzerakoan ere, hainbat mementoetan paisaia magikoak ikusteko aukera izan dugu. Amen batean Losakate puntan gaude, laugarrena hain zuzen. Metro gutxira Irimoko buzoia dago, hirugarrena eta punta garaiena.

Haize pixka bat mugitzen hasi da eta fresko puntu bat sentitu dugu. Orain Irimoko gurutzerantz goaz, goitik beherako bidea da. Arbeletatik pasatu gara, bigarren gaina. Irimoko aterpea eta gurutzea aurrean ditugu. Aterpearen babesean geldialditxo bat egin eta trago bat ur hartu.

Orain Santa Barbarako baseliza eta aterpetxeraino aldapa tenteko jaitsiera dugu. Alertze artean doan bidea jarraituz Lizarriturri iritsi gara. Urtea osoan ur freskoa dariola dagoen iturri ederra. Orain pinu artean beherantz jarraitzen dugu eta laster batean Santa Barbaran gaude.

Aterpetxeko tabernan trago bat hartuz solasaldian egon gara. Hemen ere aurrera jarraitzeko ordua iritsi zaigu. Asfalto bidea dugu aurretik, Ipeñarrietako jauregi ederraren gertutik  pasatu gara. Etxaburuko baserri eta tabernara iritsi aurretik, oraindik kontserbatzen den aipatutako Errege Bidearen zati batean ibili gara. Gaur jai eguna dela ospatzeko edo… Etxaburun ere gelditu beharra. Egonalditxo bat egin ondoren aurrera jarraitu dugu. Gaur ohiko bidea jarraitu beharrean Pagoeta auzora doana hartzea erabaki dugu. Eta Ipeñarrieta kalean bukatu dugu gaurko ibilaldi hau.

TRACKA HEMEN