LEZE, KAREHARRIZKO EREMUA

03.05.2015 22:29

Kareharrizko harresi erraldoia izango balitz bezala, Altzaniako mendilerroko hegoaldeko mendiak Sakana eta Arabako lautadaren artean altxatzen dira. Altuera apalekoak baina aldapa gogorrekoak eta bazter ederrak gordetzen dituztenak. Harkaitz hauetan Eginoko eskalada eskola ezaguna dago eta bertara inguratzen diren eskalatzaileak asko dira. Bestalde, urrutitik ikusten den Lezeko kobazuloaren aho erraldoiak ere jendea erakartzen inguru honetara.  

Goizeko zazpi t’erdietan Lezeko aparkalekuan nago. Laino mardulek zeru osoa estaltzen dute. Motxila hartu eta Lezeko ahoraino noa eta bertatik kanporatzen den errekatxoa pasatu ondoren Eubazpietako pitzadurara igo naiz. Hemen Olano edo Aitzandi mendira igotzeko bidea hartu dut. Aldapa gogorra da, Larrondoko zelaian xendaren sigi-sagak jarraituz altuera hartzen noa. Olanorantz doan xenda utzi eta goian ikusten dudan Koloxkaren bretxarantz zuzendu ditut neure pausoak. Bretxa azpiko harkaitzera iritsi eta trepadatxo bat egin dut ebakiraino igotzeko. Bretxa ondoan, kareharrian zulo bat dago, harkaitza alde batetik besteraino zulatzen duena, Koloxkako leihoa. Bretxaren bestaldean, amildegia, eta behe-behean Lezeko zuloa pagoz betea.

Leze, hegoaldeko ahoa

Gailurretik ekialderantz noa aurrean ikusten dudan Olano edo Aintzandi tontorrerantz. Azken aldapa igo ondoren puntan nago. Olano edo Aitzandi (1.083 m). Berez Olano hitza tontorraren iparraldean dagoen zelaia izendatzeko erabili omen da. Nahiz eta eguraldia lainotsu egon eta tarteka-tarteka haizeak euri tantak ekarri, tontor honetatik dauden bistak politak eta zabalak dira: Aralar, Andia, Urbasa, Entzia, Arabako Lautada, Gorbea, Aizkorri, Izarraitz, Hernio…

Iparraldeko zelaira jaitsi eta hemen mendebaldera dagoen basoan beherantz hasi nahiz. Lezeko zuloaren bila noa, aldapa pendiz handikoa da, umela eta oso irristakorra dago. Nahiko behean bi txondor-toki topatu ditut. Pagoek hosto berriak dituzte eta basoak kolore eta argi berezia du. Iritsi nahiz leizeraino, errekak ur asko darama eta ahoraino ez nahiz jaitsi.

Olano Koloxkatik ikusita

Errekaren bestaldera pasatu eta biderik gabeko igoera gogorra daukat aurrean. Jaitsieran bezala tarte batzuetan bide arrastoak ikusi ditut, baina berehala desagertzen dira. Aldapa tente hau gaindituta Artzanegiko lepora iritsi naiz. Dudarik gabe Lezeko zuloa leku basati eta oso malkartsua da, baita polita ere.

Artzanegiko tontorra gertu dago, aldapatxoa igo eta buzoia. Artzanegi (991 m). Paisaiari begiradatxo bat eman eta bidea jarraitu dut. Lepoan mendebalderantz jaitsi nahiz eta sortu berria den errekatxoa pasatuta aurrean dudan maldan gora hasi naiz. Berehala Atxipiko tontorreko harkaizpean nago. Honen babesen eseri eta indarrak berritzeko mokadu bat hartu dut. Minutu batzuk geroxeago tontorrean nago, Atxipi (995 m).

Albeizko tontorra

Minutu batzuk goian pasatu ondoren lepotik, pinu artean Albeiz mendirantz noa. Pinu artetik irten eta azken metroak igo ditut tontor harritsura igotzeko. Albeiz (1.009 m). Behean Araiako etxadia ikusten dut. Umandiako magalean ikusten dudan Martinen txabolara joateko asmoa dut.

Apotako lepo zabala zeharkatu eta minutu gutxitan txabolan nago. Orain haranera jaisteko bidea hasiko dut. Laster Apotako lepotik jaisten den haitzartean sartu naiz. Tarte batzuetan bide arrastoa desagertzen da, baina berehala jarraitzeko arrastoren bat agertzen da.

Behin haitzartetik kanpo bide ertzean dagoen Albeizko txabolara iritsi naiz. Hemen GR 25 bidearekin bat egin dut eta haritz artean Lezerako norabidea jarraitu dut. Bide erosoa da eta Ameztutxoko iturriaren ur freskoa edateko aukera izan dut. Konturatze abia puntuan nago.

TRACKA HEMEN