LUNADAKO MENDIETAN...

05.08.2015 21:00

Kantabriar mendikatean dagoen mendi hau Kantauri eta Mediterraneo itsasoen ur-banalerroan kokatua dago. Ipar isurialdeko malda ia bertikaletatik bizkor jaisten diren urek Miera eta Pas ibaiak osatzen dituzte eta gertu dagoen Kantauri itsasora laster iristen dira. Hego isurialdekoak berriz Trueba ibaiaren bidez Ebro ibaira iristen dira Mediterraneoraino bidaia luze bat egiteko. Alde batean Kantabria, bestean Burgos, nahiz eta bi isurialde desberdinak izan biei kultura Pasietarrak lotzen die.

Goizeko zortzi t’erdiak dira eta Castro Valnerako hego isurialdean, El Bernacho izeneko artzain borden parajean gaude. Parajea oso polita eta lasaia da. Aurrean Castro Valnerako behealdeko horma harritsuak eta Miel mendia ditugu. Azken honen eki isurialdean Lunadako eski estazioa dago.

Peña Negra

Pagadian barneratzen den eta hego-mendebalderantz doan zidorra jarraitu dugu. Castro Valnera eta Cubada Grande mendien arteko La Canal izeneko haitzartean gora goaz. Pagadia atzean utzi eta txilarra eta ote artean dagoen bide estua segituz La Canal lepora iritsi gara. Mendebaldetik haize freskoa sartzen da. Gure aurrean Peña Negra mendiaren irudi erakargarria altxatzen da.

Tontor polit horrengana zuzentzen ditugu gure pausoak. Mendiaren Eki isurialdea belartsua lorez beteta dago. Aldapa tenteak baina motzak igo ondoren gainean gaude, Peña Negra (1.496 m). Ipar isurialdea bertikalki erortzen Pas ibarrerantz. Hemendik Castro Valnera eta Cubada Grande mendiak ederki ikusten dira.

La Canal lepora bueltatu gara Castro Grande mendira igotzeko bidea hartzeko. Bidea estua da eta harkaitzen arteko terraza batetik doa. Indarrak berritzeko garaia dela eta harkaitzen artean haizetik babesean lasai-lasai ogitarteko goxoa jan dugu.

Castro Valnera

Bidea segi eta gorantz goaz, mendiaren maldak pitzadura handiak ditu eta hauek saihestuz goaz. Memento batean bidea utzi eta koba antzeko zulo batean sartu eta metro batzuk segi ondoren bestaldean irten gara aurrerago bidearekin bat egiteko. Bidean topa dugun bitxikeria bat. Mendiaren eki isurialdea erabat puskatuta dago, pitzadura handiak, harkaitz bloke handiak, torkak han eta hemen. Ekialderantz Picon del Fraile nabarmentzen da, gainean instalazio militarrak dituelarik. Eskuinerago Becerril, Bustarejo eta Lusa mendi multzoa oso polita ikusten da. Paisaiaz gozatzen poliki-poliki tontorrera iritsi gara. Castro Valnera (1.718 m). Hemendik dagoen panoramika ikusgarria da. Itsasertza laino dagoelako itsasoa ezin izan dugu ikusi, baina ikus daitekeen beste guztia, eta asko da, ondo ikusi dugu. Deigarriena 1.400 metro zorabiagarri beherago glaziar jatorrizko Pas eta Miera ibaien ibar berdeak ikustea da. Burgosko mendi garaiena da eta Kantabrian berriz bakarrik Lechugales eta Cuchillon altuagoak dira.

El Bernachoko borda bat

Ibilbidea segi eta ekialdeko ertza jarraituz Pirulera lepora jaitsi gara. Ezkerrean Torcaverosa izeneko muino belartsua dugu. Belar artean doan xenda estua segi eta minutu gutxitan gainean gaude. Torcaverosa (1.544 m). Hemendik Castro Valnera eta Miel mendien bista politak ditugu.

Atzera buelta eta Pirulera lepotik Piluca lepora jaitsi gara. Aurrean Miel mendiaren tontorra dotore altxatzen da eta igotzeko dudatan egon gara. Baina bero handia egiten du, ur asko ere ez dugu eta El Bernachora jaisteko bidea jarraitzea erabaki dugu. Txilarra eta ote artean doan bide estua. Bordetara iritsi gara, harrizko hormatxoekin bananduta dauden belardi txikietan altxatzen diren borda zaharretara hain zuzen.

Ibilaldia oso polita izan da, ez da luzea izan baina bai polita.

TRACKA HEMEN