MARCADAU, ur eta harkaitz festa

07.10.2013 20:59

Idei honek denbora luze zeraman buruan bueltaka eta burutzeko eguna iritsi da. Orain dela gutxira arte jarduera neketsua zen, baina gaur egun Bachimañako aterpe berriaz baliatuz bi egunetan egin daitekeen ibilaldi eroso eta atsegina da.

Zeruan laino beltzak eta ostarteak nahasten dira. Panticosako Bainuetxeko aparkalekuan eta Casa de Piedra aterpetxearen atzetik GR-11 bidean gora hasi naizenean arratsaldeko hirurak eta laurden dira. Bidea berehala tentetzen da. Caldarés ibaiaren haitzartean gora noa. Bi aldeetan harkaitz eta mendi-pinuz osatutako maldatzarrak. Ibaiaren urak ere goitik beherako bidea eginez indartsu doaz. Han eta hemen ur-saltoak, batzuk beste batzuk baino altuagoak eta tarteetan ur gardeneko putzuak. Paisaia zoragarria da.

Haitzartea irekitzen denean ezkerrean Bachimaña mendiaren maldak, aurrean Frailearen aldapa eta ur-jauzia dago. Eskuinerago Serrato eta Xuans mendiak.  Alde guztietan goitik behera datozen ur errekatxoak daude eta orain arte egindako bidean uraren soinua nagusi izan da.

Bidearen sigi-sagak jarraituz aldapa tente hau uste nuen baino errazago gainditu dut  eta aurrean azaltzen dira Bachimaña Beheko lakuaren urak eta Bachimañako aterpe berria. Aterpetik dauden bistak ederrak dira, nahiz eta lainoek inguruetako tontor batzuk ezkutatu. Hemen haize hotzak jotzen du.

Bachimañako aterpea

Gaurko ibilalditxoa hemen amaituko dut. Arratsaldeko bostak dira eta aterpean geratuko naiz. Berria da, iazko uztailean inauguratu zuten. Asko gustatu zait, egongela-jangela eta logela erosoak  ditu. Gosariak 6:30tik 8:30ta bitartean banatzen dituzte, baina lehenago nahi izanez gero ere ez dute arazorik jartzen. Hogeita hamabost bat laguneko taldetxoa gaude eta afaria giro politean igaro dugu.

Goizean goiz mugimendua dago aterpean. Ni ohatzean pixka bat gehiago geratu nahiz. Zortzietan gosaldu eta bidean abiatu naiz. Alde batean zerua garbi garbia dago eta bestean berriz lainoz estalita. Ni noan lekua azken hau da, a ze nolako suertea. Haize hotzak jotzen du, txanoa eta eskularruak jantzi ditut.

GR-11 bidea jarraituz Bachimaña Beheko eta Goiko lakuak zeharkatu ditut. Azules lakuak adierazten duen seinalean bidea utzi eta zidor estu bat jarraitu dut. Eguzkiak Infiernos, Piedrafita… mendien harkaitzen kolore gorria areagotu egiten du.

 Infiernos 

Marcadau leporantz doan zidorra jarraitu dut. Poliki-poliki altuera hartzen noa. Paisaia zoragarria, argi eta kolorez betea; harkaitzak gris-gorrixkak, lakuak urdinak, belar guneak berde eta gorrixkak eta zerua alde batean urdin indartsua eta bestean laino beltzak.

Pecico lakuetara iritsi nahiz. Punta Zarra, Pecicoko Gandorra, Grand Facha eta Falisse mendiez inguratuta dagoen bazter polita. Baina horrelako paisai ederraz gozatzeko aukera ez dut izan, lainoak buru gainean ditut. Gauzak horrela gorantz jarraitu dut eta laino artean sartu nahiz. Hezetasuna, haizea indartsua eta gero eta hotzagoa, ikusten ez dudan lepoa gertu dagoen seinale.  Marcadau lepoa (2.541 m). Hotza, hotza, hemen ez dago egoterik.

Goruntz jarraitu dut, tontorra gertu dago. Lainoaren hezetasuna harkaitzetan eta belarretan izoztu egiten da. Zedarri handi batek tontorra markatzen du Marcadau (2.673 m). Lainoak paisaia lapurtu dit. Eta behera. Laino artetik  lehenbailehen irtetea komeni da.

Bachimaña Goiko lakura jaitsi naiz. Harkaitz baten atzetik, oso gertu, bi sarrio salto batean nire aurrean irten dira eta maldan gora harkaitz artean agertu bezain azkar ezkutatu dira.  Laku ondoan dagoen txabola baten ondoan hamarretakoa egin dut. Ze gozamena paisai hau!!!.

Bachimaña Goiko lakua, Infiernos, Piedrafita...

Marcadau Iparra eta Hegoa

Lakua zeharkatu eta aterpera iritsi naiz. Orain Panticosara GR-11 bidetik jaitsi beharren Labazako sakana zeharkatuz Lumiachako putzura doan zidorra segituko dut.  Bide oso polita, lasaia eta bakartia da. Bestea baino luzeagoa, baina merezi du. Ez dut inor topatu.  Harkaitza, mendi-pinua, Lumiacha putzuaren ur gardenak kolore berde berezia du. Aurrean Argualas, Garmo Negro eta Pondiellos mendiak ederrak ikusten dira. Dena oso polita.

Lumiacha putzua, Argualas, Garmo Negro...

Bainuetxera iritsi naiz. Asteburu ederra izan da, lastima tontorreko lainoa.

TRACKA HEMEN