OBARENES MENDIAK

28.04.2014 18:23

Gaur Obarenes mendietara joan naiz, Hoces del Ebrotik Conchas de Haroraino luzatzen den mendi sistemara. Burebako lur lauen goitik harresi natural handi bat bezala altxatzen dira. Hainbat multzotan banatzen dira, alde batetik Pancorboko haitzartetik Ekialdera daudenak, bestetik Mendebaldera daudenak. Azken hauek bi multzotan banatu daitezke: Umion mendirantz doan lerroa eta Verdina mendiak.

Mendilerro honek hartzen duen lurraldea edertasun handikoa eta paisai askotarikoa da. Arroila ugari, ibaiak, basoak, non pagoak arteekin, gorostiak ipuruekin, ezpelak gurbitzekin, haritzak pinu edo garokin, txilarra ezkaiekin elkartzen dira.

Miraveche herria abiapuntu hartuta, gaurko helburua Verdina mendietara Burebako isurialdetik igotzea da. Igo nahi ditudan tontorrak Galdampio, Castro Nuño, La Maya, Cantoña, Verdina eta Buey dira.

Miraveche

Goizeko eguzki izpi goxoek herria argitzen dute. Etxeak atzean utzi eta zereal soro artean Galdampio mendirantz noa. Altuera pixka bat hartu ondoren artadi batean doan pista zabaletik El Portillo lepora iritsi naiz. Ezkerrerantz Obarenes mendilerroak Mendebalderantz jarraitzen du, baina ni Ekialdera joango naiz Galdampio mendiaren tontorraren bila. Ez dago biderik eta ganaduak egindako zidorrak aprobetxatuz batzuetan eta maldan zeharkatuz beste batzuetan gainera iritsi naiz. Galdampio (1.208 m). Haize hotza dabil, txanoa, esku-zorroak … dena behar dut. Dagoen panoramika ederra da, Hegoaldera, zerealak berdez jantzi duen Bureba eskualdeko lautada amaiezina eta Demanda eta Urbion mendiak elurraz zurituta. Iparraldera berriz, Obarenes Mendiak-San Zadornil Parke Naturala, mendi paisaia, Umion mendia nabarmentzen delarik eta bere maldan Cubilla de la Sierra herriaren etxadi nahasia. Minutu batzuk paisaiari begira eta aurrera…

Zedarri batzuk jarraituz ekialdera dagoen lepora jaitsi naiz. Aurrean Castro Nuño mendiaren muino apala dago. Hemen ere ez dut biderik aurkitu eta arrasto bat jarraituz gorantz jo dut. Laster goialdeko ertzera iritsi naiz, eskuinaldera malda belartsua da, ezkerrerantz berriz, mendia bertikal metro batzuk erortzen da. Ertza jarraitu eta tontorreko buzoia. Castro Nuño (1.135 m).

Ekialdera La Maya mendiaren irudi zorrotza eta malkarra ikusten dut eta harantz zuzendu ditut pausoak. Mendi honen hormaren ondotik eskuinerantz noa igotzeko toki baten bila. Ertzari buelta eman eta malda harritsu tentean gora joateko modua ikusi dut. Aldapa oso tentea da, ez dago bide nabarmenik, eta arte gazte eta harri artean gune egokienetatik gora tontorrera iritsi naiz. La Maya (1.319 m). Hegazti baten irudi bat duen buzoi txikia. Hegoaldetik arteak ia tontorreraino iristen dira, Iparraldetik berriz pagoak dira ia goraino heltzen direnak.

La Maya

Hurrengo tontorra ere zorrotza eta malkartsua agertzen da. La Mayako puntatik zidortxo bat dago eta zedarri batzuk ondo adierazten dute nondik joan behar dudan.  Bide estuak lehenengo Ipar-mendebaletik eta gero Iparraldetik tontorretik jaisten diren harkaitzak zeharkatzen ditu puntara zuzendu aurretik. Tontorra zorrotza eta estua da. Cantoña (1.353 m). Buzoi txiki bat.

Ertz estutik metro batzuk atzera bueltatu eta bizkar zabalean aurrera segitu dut. Aurrean Verdina eta Buey daude. Laino bat jolasean dabil eta bi mendi hauek tarteka ezkutatu eta erakusten ditu. Mendi-bizkarretik inolako arazorik gabe joan naiz eta lehenengo Verdinara (1.348 m) igo naiz. Buzoi txiki bat. Haize hotzak jarraitzen du eta ni aurrera noa. Hurrengo tontorra gertu dago eta azkar iritsi naiz. Buey (1.351 m). Gaina zabala eta belartsua da. Erdian buzoi txiki bat dago eta bertako plakan Verdina jartzen du.

Cantoña

Mendi hauen puntetatik dagoen bista antzekoa da, Hegoaldera Burebako lautada, Iparrera Umion, Ekialdera Obarenes mendiak eta Errioxa eta Araba eta bukatzeko Mendebal eta Ipar-mendebaldera Obarenes mendiak eta Kantabriako mendiak. Gaurko azken tontorrean nago eta goitik beherako bidea hasi dut.

Buey eta Peña del Buey arteko Los Llanos lepoan Hegoaldeko maldan behera jarraitu dut. Verdina eta Buey mendien Hegoaldeko maldak zuhaitzik gabekoak dira. Behealdean harkaitza azaleratzen da eta itxura berezi eta polita ematen die. Laster La Canaleta izeneko bretxa pasatu dut eta Silanes herria agertu zait aurrean, Cuestacer muinoaren malden artean ezkutatu eta Silanes errekaren ondoan dagoen herritxoa. Muino baten gainean herriko eliza dago, bere horman kontra eguzki epelera eseri naiz. Orain arte apenas mokadu bat hartu dut, eta toki hau indarrak berritzeko ezin hobea iruditu zait. Herriari begira nago, isiltasuna erabatekoa da, bakarrik txorien kantuak entzuten dira, kaleak hutsik daude, bi katu ikusi ditut eta aitona bat pauso neketsuarekin kalea zeharkatzen ari da. Ez dakit zenbat denbora pasa dudan hemen eserita.

Silanes

Gauzak jaso eta bidea jarraitu dut. Zereal soro arteko pistetatik gertu dagoen Miraveche herrira noa.

Gustura ibili naiz ezagutzen ez nituen mendi hauetan eta ingurua polita da.

TRACKA HEMEN