OLLARANGO MENDIETAN…

19.09.2015 21:13

Gaur Ollaranera etorri naiz bertako mendietan ibiltzeko asmorekin. Ollaran hainbat kontzejuz osaturik dago, esaterako: Anotz, Arteta, Egillor-Beasoain, Iltzarbe, Ollo, Saldise, Senosiain eta Ultzurrun. Andia eta Sarbil mendilerroaz inguraturiko sakonunean, Arakil eta Udarbe errekek zeharkatua. Natura oso aberatsa du: pagadiak goialdeetan, eta besteetan, artadiak, ur-bazterreko landaredia eta, bereziki, hariztiak.

Iturbegiko haizpitartean Iruñerria urez hornitzen duen Artetako iturburu ikusgarria dago. Haraneko herrietan badira landa-eremuko arkitekturaren adierazgarri diren etxe eder ugari. Baita beste egitura batzuk ere: zubiak, harraskak, Artetako iturburutik gertu dagoen gatzaga…

Garbi-garbi argitu du eta dirudi mendian ibiltzeko egun paregabea izango dudala. Nire asmoa haranean dauden Andia mendilerroko mendietan ibiltzea da. Ollo herrian hasi dut ibilaldia eta Gaztelu mendira joateko Ipar-ekialde norabide jarraitu dut. Eguzkiaren lehen izpiekin herria atzean utzi eta arte eta haritz artean gorantz noa. Ezkerrean Txurregi altxatzen da eta eskuinean Gaztelu. Bien arteko lepora doan zidortxoa alde batera utzi eta bide zabaletik aurrera noa. Basoa ere atzean utzi dut eta malda garbian gora laster tontorrera iritsi naiz. Gaztelu (998 m). Hemen goitik bista ederrak daude. Hemen egon zen gazteluaren hondarrak oraindik ikus daitezke. Dorre nagusiaren oinarri zirkularra bistan dago. Orarregiko gaztelua zen eta Oskiako haitzartea eta Sakanako igarobidea defendatzen zuen. Zeregin hau Saldisen zegoen Garañoko gazteluarekin eta Biz-Ahizpen zegoen Aixitako gazteluarekin konpartitzen zuen. 1512. urtean Albako Dukearen gudarosteak Sakanatik sartuz Nafarroako konkista hasi zuen eta Nafarrek gaztelu hauetatik gudarostea geldiarazten saiatu ziren, baina ez zuten lortu bere nahia betetzea.

Orarregiko gaztelua

Olarregiko lepora jaitsi nahiz, Irurtzun, Sakana eta Ollaran arteko pasabidea. Aurrez-aurre Txurregiko malda tentea dut. Pausoa moteldu eta lasai-lasai gorantz noa. Goitik behera datozen hiru mendizale animoak eman dizkidate, eguraldia oso ona dela eta goian bista ederrak izango ditudala, baita berrogeita hamar bat ahuntzen konpainia ere. Gora noan bitartean mendizaleok gure zaletasunari esker pribilegiatu batzuk garela pentsatzen noa. Neguko haize hotzek eta elurrek izozten gaituzte, euriek busti, haizeek astindu, eguzkiak berotu eta erre, aldapek nekatu… baina hala eta guztiz ematen digun aske ibiltzeko, paisaiaz gozatzeko, animalia basatiak ikusteko, gure historia eta istorioak  ezagutzeko aukerak, gainetatik ikusten ditugun paisaiak ibilaldi berriak amesteko aukerak… gozarazten digute.

Txurregi (1.125  m). Sakana alde batera eta Ollaran bestera, Aralar eta Ergako mendigunea alde batean eta Andia eta Sarbil bestean. Bista ederrak tontor honek eskaintzen dituenak.

Hemendik Idoitxikiraino, mendebalderantz ertz luze bat dago aurretik. Hego isurialdeko malda tentea ertzeraino iristen diren ezpelez beterik dago. Ipar isurialdekoa berriz bertikalki amiltzen da behean dagoen pagadiraino. Bista ederra eta zabala eskaintzen duen ertz hau segi dut, nahiz eta toki batzuetan ezpelak ia bidea itxi, arazorik gabe jarraitu ahal izan dut.

Satrustegiko Haitza

Gora eta behera txiki ugari egin behar dira ertzean eta horrela Satrustegiko gainera iritsi nahiz. Satrustegi (1.139 m). Puntan erpin geodesiko bat dago. Aurrera segi eta ertzean altxatzen den hurrengo tontorrera poliki-poliki iristen ari naiz. Satrustegiko Haitza (1.204 m). Buzoi txiki bat dago bertan. Hemen eseri eta paisaiari begira ogitartekoa jan dut.

Hurrengo tontorra Idoitxiki da, gaurko ibilaldian altuera handiena duena. Indarrak berritu ondoren harantz noa. Punta honetan ez dago buzoirik. Idoitxiki (1.271 m). Hemendik Beriain aldera ezpela desagertu egiten da. Orain arte bete dudan bidea Andiako mendilerro zabalean dagoen Satrustegiko mendilerroa bezala ezaguna da.

Txargain

Orain gainak utzi eta Hego-ekialdera jaitsi nahiz, hasieran ezpelen artean dauden garbi guneetatik arazorik gabe jaitsi naiz. Senosian eta Ollora jaisten den bide alde batera utzi eta Txargain mendirantz Hego-ekialdera jarraitu dut. Zaldiak eta behiak larrean dabiltza, ez dago bide nabarmenik, ganaduak egindako zidorrak jarraitu ditut. Toki batzuetan sasiak saihesteko alde batera eta bestera ibili naiz, hala ere arazorik gabe iritsi naiz Txargainera igotzeko maldara. Belartsu eta etzana da, behi batzuk daude bertan. Artetatik pista dator. Aldapatsu hau igo eta Txargaingo tontorrean nago. Txargain (974 m). Bere Hego-ekialdeko isurialdea oso malkarra da. Tontorpean, soroz inguratuta Arteta dago. Hegoaldera Iturbegiko haizpitartea ikusten da, bertan sortzen da Udaberko ibaia.

Artetara jaitsi naiz, hemendik Senosiain aldera eta gero Ollora joateko. Eskuinean Mortxe mendia altxatzen da, bere magalean Ultzurrun dago. Beste batean haraneko inguru honetatik ibiltzea gustatuko litzaidake, Mortxe eta Sarbil mendilerrotik. Senosiainen festak dira eta musika haranean entzuten da.

TRACKA HEMEN