OSSAU ETA ASPE HARANEN ARTEAN…

11.10.2015 22:30

Baretous, Aspe eta Ossau, Biarno Garaiko hiru haranak dira. Paisaia eta balio ekologiko handia dute eta Pirinioetako Parke Nazionalaren barnean daude. Mendi eta naturazaleek Lescungo Zirkua eta Ayousko aintzira bezalako bazter eta leku ederrak aurkituko ditugu.

Aspeko haranak 40 bat kmko luzera du eta hamahiru herriek osatzen dute: Lourdios-Ichere, Urdos, Borce, Etsaut, Cette-Eygun, Lescun, Lees-Athas, Accous, Aydius, Osse-em-Aspe, Bedous, Sarrance eta Escot.

Ayous aintzira eta Midi d'Ossau

Historiaz beteriko haran berde honetatik mendeetan zehar merkatari, gerlari, erromes… ugari igaro izan dira. Bertatik Donejakue bidea igaro da, XIX. mendean eraikitako Portaleteko gotorlekua ere hemen dago, garai gatazkatsuen lekuko.

Bi mendigune artean, inguru natural paregabe batean, paisaia basatian, aintzira eta ur-jauziaz apaindutako inguru batean Aspe ibaiak haran estu bat landu du, non balio handiko natura eta faunaz gain, denbora gelditu izango balitz bezala edertasun handiko herri txikiak daude.

Inguru paregabe honetan txangoak zein baino zein ederragoak egin daitezke eta ilusio horrekin gerturatu gara. Gure asmoa Ossau eta Aspe haranen artean altxatzen den mendilerroari itzulia ematea da.

Udazkena

Somporteko mendatean gaude. Goizeko hamarrak dira, eguraldi bikaina dago eta paisaia ederra ikusten dugu. Motxilak hartu, Astungo eski estaziora bideratu eta ondoren Escalar aintzirara igo gara. Begirada atzera bota eta Aspeko mendigunea zoragarria agertzen zaigu. Pixka bat gorago Jaca edo Moines lepoa dago. Mendizale talde bat Moines mendirantz doa. Lepo honetatik dagoen panoramika oso polita da. Begirada gehienak Ossau haranean bat batean zerurantz altxatzen den Midi d’Ossau mendiarentzat dira. Irudi honek Ayous leporaino lagunduko digu.

Altuera pixka bat galduz Gerbaus aintziraren bila goaz. Bidetik gertu izoztutako aintzira txiki bat ikusi dugu, gaueko tenperaturak nolakoak diren adierazgarri. Lehen ikusitako mendizaleek Moines tontorrera iristen ari dira, lehenak gainean agertzen hasiak dira. Gu Gerbaus aintzirara iritsi gara, Ayous inguru honetan dauden aintziretatik handiena. Bere uretan Larry mendia islatzen da irudi polit bat osatuz. Ibilbidearen parte honetan pertsona gehiago ikusten ditugu. Ayousko aterperantz jaisten ari gara. Garai honetan itxita dago eta bere ingurua atsedena hartu eta hamaiketakoa jateko leku aproposa dela uste dugu. Aterpe aurrean Ayousko aintzira dago eta honen bestaldean Midi d’Ossau mendia, Pirinioetako postal ezagunetako bat osatuz.

Indarrak berritu eta espiritua ase ondoren Ayousko leporantz goaz. Gertu dago baina aldapa tente xamarra da. Ayousko lepoa (2.180 m) zeharkaldiko puntu garaiena. Panoramika ikusgarria, aipatutako Midi d’Ossauren gain, besteak beste, Arriel, Palas, Balaitous, Infiernos…. ederki ikusten dira, baita Aspetik Auñamendiraino. Lepotik gertu alde batean Ayous eta bestean Larry mendiak ditugu, baina gaur tontorretara igo gabe bidea jarraituko dugu. Aurrean Baight de Saint-Course errekaren haran sakona eta luzea dugu eta bertako baso eta belardien gainetik kareharrizko Caperan mendia zeruertzean altxatzen da.

Urdos

Aspeko harana zeharkatzen duen errepidean dagoen Gerbesko zubiraino jaitsiera luze eta oso polita dugu aurretik. Hasieran zidorrak sigi-sagak eginez goialdeko belardietatik doa. Zaldi eta behi batzuk ikusi ditugu goialde hauetan. Errekak gero eta bide sakonagoa lantzen doa eta ur-emari gero eta handiagoa darama. Txabola txiki baten ondotik pasatu eta basora inguratzen hasi gara.

Udazkeneko koloreak bete betean daude eta pagadiak zoragarriak ikusten ditugu. Kolore guztietako hostoak baitaude: urre koloreak, gorrixkak, okreak, marroiak, oraindik berde mantentzen direnak, denetarik. Basoan barneratu eta bazter zein baino zein ederragoak pasatuz beherantz goaz. Arras lepora doan zidorra alde batera utzi eta beherantz segi dugu. Tarteka artzain borda batzuen gertutik ere pasatu gara, azkenak Perryren bordak izan dira. Basoa atzean utzi eta beste sorpresa eder bat genuen zain, harkaitzean landutako bidea topatu dugu. Belaontzien mastak egiteko zuhaitzak ateratzeko egindako bidea omen da, “Le chemine de la mature” izena du.

Gerbesko zubira iritsi gara. Gaua Urdosen pasatu behar dugu eta orain 3,5 bat kmko asfalto bidea dugu aurretik. Bidearen estugune batean eta Aspe ibaiaren bestaldean harkaitz batean Portaleteko gotorlekua altxatzen da. Pixka bat aurrerago Urdos herritxoa zain dugu. Ibilaldiaren lehen etapa hau oso polita izan da.

Larry aterpea

Igande goizean gosaldu ondoren martxan jarri gara. Zortziak inguru dira eta dirudi gaur ere eguraldia lagun izango dugula, nahiz eta zerua atzo baino lainotsuagoa egon. Herri irteeran Larryko aterpera doan bidea jarraitu dugu. Sigi-saga txikiak eginez doan harzoladun zidor politak aldapa tentean gorantz bideratzen gaitu. Hasieran harizti eder batean goaz. Zoruan orbela eta ezkurra ugari dago. Hariztitik irteterakoan eta pagadian sartu aurretik, haranaren sakonean Urdosko etxeen arbelezko teilatu grisak ikusteko aukera izan dugu.

Maldan gora goaz eta gure aurrean ikusten ditugun pagadiak oso politak daude, malda batzuetan dauden garo sailak ere kolore gorrixka dute. Gure uste gaur ikusten ari garen pagadien koloreek atzokoak baino indar gehiago dute. Igoera luzea eta desnibel handikoa da eta poliki-poliki goaz. Goian, zerua urratu nahian bezala Larry inguruko tontorrak ikusten ditugu. Hiru ordu inguruko igoera burutu ondoren Larryko bordetara eta aterpe irekira iritsi gara. Indarrak berritzeko mementoa. Borda baten hormaren kontra eseri, eguzkiaren epeltasun goxoa gorputzean sentituz hamaiketako jan dugu. Inguruan zaldi batzuk dabiltza. Gazte kuadrilla bat dirudi Larryko aterpean gaua pasa dutela eta orain hamaiketakoa egiten ari dira.

Mayou errekaren inguruan

Larryko ataka eta Ayousko leporantz doan bidea alde batera utzi eta Hego norabidea jarraituz Gouetsoule leporantz goaz. Ez dugu desnibel handia gainditu behar. Bidea granitozko harkaitz, belar eta pinu beltz ale batzuen artean doa. Lepora iritsi eta aurrez aurre Aspeko mendigunea azaldu zaigu. Gertuagoko malda belartsuetan kolorez beteriko pagadi zoragarriak ikusten ditugu.

Gouetsouleko borda ikusten dugu, inguruan zaldi batzuk daude, beherantz goaz Gouetsouleko errekatxorantz. Kolorez beteriko baso misto batean sartu gara. Hau atzean utzi ondoren Mayou errekatxoaren ondotik tarte batean gorantz segi dugu. Arnause borda ezkerrean ikusi dugu. Gure eskuinaldean dugun pagadian sartu gara Lazacue lepora igotzeko. Hemendik ere bista politak daude. Beste atseden alditxo bat egin dugu eta mokadu bat hartzeko aprobetxatu.

Lazacue lepoa

Hurrengo tartea beherantz da, Somportera doan errepide ondoan dauden artzain borda batzuetaraino. Zeruan dauden lainoak gero eta mardulagoak dira eta Aspe mendiguneko tontorrak ezkutatzen dituzte. Zidorraren sigi-sagak jarraitzen ditugu. Haize heze pixka bat ere badabil. Bordetara iritsi baino lehen euri tantak hasi dira eta pago batzuen babesean txamarrak jantzi ditugu.

Bordetan behetik gora Somportera doan GR bidea jarraitu dugu. Euri asko ez du ari eta aldapan gora txamarra barruan egosi aurretik soinetatik kendu ditugu. Igoera ez da luzea eta laster iritsi gara mendate gainera, atzo hasitako zeharkaldiari amaiera emanez. Gaurko ibilaldia ere oso polita izan da eta udazkeneko kolorez beteriz ikusi ditugun basoek edertasun plus handi bat gehitu dio bi eguneko zeharkaldi zoragarri honi.

TRACKAK HEMEN

SOMPORT-AYOUS-URDOS.            URDOS-LARRY ATERPEA-SOMPORT