PAGADIZ PAGADI IRANTZUNGO MENDIETAN ZEHAR…

19.12.2015 22:40

Abartzuzako lursailetan Urbasako mendilerroko tolesturetan ezkutatua dagoen Irantzuko monasterioan nago. XII eta XIV mendeen artean haran itxi batean, zeruari begira eraikitako zistertar abadia handian hain zuzen. Estilo desberdineko klaustro ederra du eta Estellerriko mendialdeko ondasuneko zutabetako bat da.

Behe paleolitikoko aurkikuntzak, besteak beste, Urbasan, Lezaun eta Lizarran egindakoak, Nafarroako lehen populatzearen lekuko dira. Bestalde Brontze Aroko arkitektura megalitikoak eta silex lantegiak berriz Urbasako artzain guneetan ugariak dira. Eta guztiak Estellerriko antzinako biztanleen eta historia oparoaren adierazle batzuk dira.

Krezmendiko punta

Abartzuzako udalerria, Lezaun, Jaitz, Deierri eta Gesalatzekin batera Estellerriko mendialdeko eskualdeko parte da. Urbasako hego isurialdeko magalean dago, Deierri eta Lizarraldeko zereal eta mahastiei begira. Eskualde osotik ikusten diren harkaitzezko horma ederrak dituzten mendiz inguratuta. XI. mendean eratutako herri honetako alde zaharrean armarridun etxe, gurutze eta plaza aurkituko ditugu.

Nahiz eta abendua poliki-poliki aurrera doan eta dagoeneko neguko solstizioa ate joka egon, gaur udaberriko egun eder bat argitu du. Zerua garbi dago eta tenperatura freskoa da. Goizeko zortziak pasatxo dira eta ibilbideko lehenengo pausoak eman ditut. Arte artean aldapan gora hegoalderantz noa Irantzu edo Ollarrateko lepoaren bila. Lehenengo aldapa gainditu eta Ortasakanean nagoenean, jarraitu nahi dudan bidean uxaldi oharra dago. Hau ikusita Ortasakanako bidea jarraitzea erabaki dut. Hala ere ez noa oso lasaia. Altuera hartzen noa eta bi txakur daraman ehiztari batekin topo egin dut. Uxaldikoa da eta berak emandako aholkuak jarraituz gero lasai segi naitekeela esan dit.

Orain arteen ordez pagoak eta ezpalak daude eta landaretza nahi itxia izaten jarraitzen du. Lasai ez noa baina aurrera segi dut eta Azantzako tontorrera iritsi naiz. Zeruertzean Montejurra eta Monjardin mendien gris-urdin koloreko irudiak altxatzen dira, baita Joar eta Kantabria mendilerroko puntak ere. Gertuago Lokiz mendilerroko horixka koloreko horma luze eta bertikal ederra ikusten da. Haran zabalak berriz lainopean daude.

Ameskoa

Tontor honek eta ipar-mendebaldera dagoen Larraitza mendiak osatzen duen mendi multzoak Azantzako edo Etxabarriko Haitzak izena du eta Urbasako hego isurialdean dago. Mendi hauen goialdea lautada txiki baten hantzekoa da eta hego aldean berriz 50 bat metroko horma bertikalak amiltzen dira. Hormapeko maldetako basoaren gainetik hainbat monolito altxatzen dira.

Amildegiaren hertza jarraituz lasaiago noa, hemen landaretza ez baita hain itxia eta. Beste ehiztari batekin topatu nahiz eta dit Krezmendiko malda barrenean beste uxaldi bat dagoela, baina jarraitu nahi dudan bidetik urruti xamar ibiliko direla. Gauzak horrela inguru hau lehenbailehen pasatzea nahi dut. Larraitzako tontorrera iritsi naiz. Ipar-mendebalderantz Ameskoako mendiak ikusten ditut.

Bidea Urbasan

Ibilbidea segi eta iparralderantz dagoen Izurtzako monolitoaren ondotik igaro naiz. Gertu Mandabideko lepoa. Bertan dagoen pinuditxoa pasatu eta aurrean altxatzen den Krezmendi edo Kerezmendi tontorrerantz noa. Pago artean aldapa tentea da eta igoera astiro hartu dut. Konturatzerako tontorreko harkaizpean nago eta eskuinetik inguratuz Krezmendiko puntara iritsi naiz. Bretxa baten bidez tontorra bitan bananduta dago eta bi buzoi ditu.

Puntatik gertu baso sorgindu batean barneratu naiz. Zorutik altxatzen diren harkaitzek, pagoek, goroldioak… paisaia ederra eta magikoa osatzen dute. Gertu Ameskoara begira dagoen amildegiaren hertzean eseri eta hamaiketakoa egin dut. Panoramika ederra ikusten dut. 400 metro beherago Urrako jauregia ikusten dut eta haratago Artatza, Barindano eta Zudaire herriak, Ameskoako mendiak ere.

Pagadi eder bat zeharkatuz ipar-ekialde norabidea segi dut Dulantz gaineraino. Mendi hau Urbasako garaiena da. Ekialdeko malda Irantzu ibairantz bat-batean jaisten da, beste isurialdeak berriz suabe-suabe Urbasako goi-lautadan zabaltzen dira. Ipar-ekialdeko zeruertzean Beriain mendia ederki ikusten dut.

Irantzuko monasterioa

Norabidea jarraituz Portandiako parajera iritsi nahiz eta Irantzuko arroilaren goialdean dagoen Lizarreta haran txikia hegoaldera luzatzen da. Iparrera berriz Zunbeltzera jaisteko bidea.

Lizarretako haranaren bestaldean, Dulantz mendiaren aurrean Zunbeltzetik Irantzuraino luzatzen den mendi-soka jarraitzeko asmoa dut. Lehen gaina ez dago urruti eta ez dut denbora asko behar izan tontorrera iristeko, Zanabe edo Artxulo.

Hego norabidea segi dut eta Zanabeko txabolen hondarren ondotik pasatu ondoren Lezaun eta Abartzuza arteko harresitxoa beherantz Portuxar leporaino jarraitu dut. Lezaun eta Ibiruku aldetik Urbasara igotzeko pasabide naturala.

Nire asmoa hemendik Kurruzkarraz eta Azpalako gainetara igotzea zen baina inguru horretan tiro sorta bi entzun ditut. Berriro asmoak aldatu eta Lizarretako bidea hegoaldera jarraitzea erabaki dut. Pagoz beteriko paraje ederra zeharkatuz Donepetri inguruko iturrira iritsi naiz. Ur fresko freskoa dario. Trago eder bat hartu eta Irantzuko arroilako pasaia ederra zeharkatuz monasteriora iritsi naiz.

TRACKA HEMEN