UZTURRE-IPULIÑO MENDIGUNEAN ZEHAR…

22.12.2015 23:00

Gure asmoa Uzturre-Ipuliño mendigunea zeharkatuz Tolosatik Berastegiraino joatea da. Tolosako alde zaharreko geltokian gaude. Neguko solstizioa iritsi da, goizeko zortziak dira eta eguna argitzen hasi da.

Tolosa Oria ibaiaren ibarrean dago, inguru aldapatsu batean, mendiz inguratuta. 1.256garren urtean hiribildu izendapena jaso zuen eta babeserako harresitu zuten; Baina aurretik ere baziren biztanleak paraje honetan, horrela San Estebanen, 9.000 urte dituen kokalekua aurkitu dute. Aldaba auzoko Intxur izeneko bizileku gotortuak 2.300 bat urte inguru izango ditu. Tolosak ondare artistiko oparoa eta luzea du.

Uzturreko gurutzea

Alde zaharreko kaleak zeharkatzen goaz eta Nafarzubia pasatu ondoren Izaskun baselizara zuzenduko gaituen bidea segi dugu. Aldapa tentea da eta berehala herriko teilatuak behean ikusten ditugu. Ez dugu denbora asko behar izan Ibarrako lursailetan dagoen Izaskungo Andre Mariren baselizara iristeko. XIII. mendearen bukaerakoa edo XIV. hasierakoa izan daiteke. XIX. mendean bitan sutan kiskaldu zen eta egungo eraikina XX. mendearen hasierakoa da.

Eguna haizetsua dago eta Ipar-ekialde norabidean gorantz segi dugu. Altuera hartzen goazen heinean panoramika zabaltzen doa eta Malloak, Aizkorri, Hernio… eguneko lehenengo orduko eguzkipean ikusten ditugu. Urkitako muinoa pasatu eta aldapa tentea gainditu ondoren Uzturreko Harrobia izeneko lepoan, dagoeneko bistan eta gertu dugun gurutzera joan gara.

Uzturre-Ipuliño mendiguneak igitai forma du eta Leitzaran eta Zelai ibaien ibarrak banatzen ditu. Mendiguneko mendebaldeeneko tontorra Uzturre da eta Tolosa herriaren gainetik altxatzen da. Esan daiteke tolosarren mendi nagusia dela eta bista ederra eskaintzen du bertaraino gerturatzen denari.

Tontorra gurutzetik ekialdera gertu dago. Desnibel txiki bat gainditu eta zuhaitz artean dagoen tontorrean gaude. Bistak apenas ditu eta aurrera segi dugu. Gain luze honetan ekialderantz goaz eta Akolodiko lepotik igaro ondoren Belabietako gain biribil eta belartsura iritsi gara.

Loako txabola

Ibingo lepoan Urdelar mendira igotzeko bidea hartu dugu. Memento batzuetan haizeak indartsu jotzen du eta inguruan altxatzen diren koniferoak alde batera eta bestera aieneka mugitzen dira. Hamaiketakoa Loako txabolaren babesean egin dugu. Indarrak berrituta berriro abian jarri eta Belabieta Txikiko lepora iritsi gara. Hemen izen berdineko Brontze Aroko trikuharri bat dago.

Tontorrerako bidean Lawson altzifredi itxian sartu gara. Eguzkiaren izpi bakan batzuk besterik ez dira iristen lurreraino eta dirudi infernuko zuloan sartu garela. Zuhaitzez inguratutako tontorrak ez du aparteko interesik, basoaren iluntasun bitxia ez bada.

Hego norabidean goitik behera goaz eta Moako lepora iritsi gara. Altzifreak atzean utzi ditugu eta orain pago eta pinu batzuen artean Larreko puntarantz goaz. Harlauzez hesitutako belarditxo bat pasatu dugu, alboan ehiztari txabola bat dago, eta ehiza postu ilara jarraituz Larreko gainerantz goaz. Tontorrean antena batzuk daude. Ekialderantz Adarra-Mandoegi mendigunea luzatzen da. Puntatik aurreraxeago pago batzuen itzalpean XIV. mendeko Lorentzo Deunaren baseliza dago.

Belabieta-Txikiko trikuharria

Hegoalderantz igotzeko asmoa dugun Ipuliñoko piramide iluna ikusten dugu. Larreko jaitsiera azkarra da eta ez dugu denbora asko behar izan Gorosmendiko lepo zabalera jaisteko. Leitzaran eta Zelai ibarren arteko pasagunea eta hainbat bideen elkargunea.

Hasieran Belardian eta otadian gero, ondo markatuta dagoen marra zuzena segi dugu Oldizgaingo gailurreriatxora igotzeko. Alde batean Berastegiko harana eta bestean Leitzarango sakona ditugu. Ipuliñoraino zuzenduko gaituen zidorra zedarriez markatuta dago. Arratekako lepotxoa pasatu ondoren tontorrera igotzeko azken aldapa nahiko tentea da eta pagaditxo polit bat zeharkatzen du. Tontorretik Leitzaran eta Adarra-Mandoegi mendigunearen aldera dagoen panoramika ederra da. Ipuliño 930 metroko altuerarekin Uzturre-Ipuliño mendiguneko tontor garaiena da.

Jaisteko hego-ekialderantz doan zidor estua jarraitu eta pago motz batzuetara iritsi garenean eskuinerantz mendia inguratzen doan gurdibidea segi dugu. Ugalderen garo-lekuko eraikinen artean pasatu gara eta beherago Gorosmendiko lepora doan pista zabala eskuinerantz segi dugu autobidea azpititik igarotzeko bidea topatu arte.

Larreko buzoia

Haran berde zoragarri batean dagoen Berastegiko landa-herriko etxadia gertu dugu. Beheranzko bidean Matxikuko karobiaren ondotik pasatu eta segidan baserri artean Berastegiko plazara iritsi gara.

Antso III.a Gartzez Nagusiak Errege Nafarren 1.027ko dokumentu batean Berastegiko harana lehen aldiz aipatzen da. 1.615ean Gaztelako Felipe III.a erregeak hiribildu izendapena eman zion.

Ondasun historiko artistiko interesgarria du: Tourseko Martin Deunaren eliza, Jauregi dorretxea, udaletxea edo Lorentzo Deunaren baseliza…

TRACKA HEMEN