ZARAITZU ETA EZKA IBAIEN ARTEAN, ATUZKARRATZ MENDILERROAN…

20.06.2015 21:00

Atuzkarratz mendilerroa Zaraitzu eta Ezka ibarren artean altxatzen da. Iparrean Lazako mendateraino eta hegoaldean Ugari mendataraino luzatzen da eta haitzarte sistema konplexu batez osatua dago. Hauetako batzuk Bidankoze edo Binies, Jabros eta Larriatze dira. Inguru honetako mendi batzuk Izagra, Txorrotxarria, Lakuaga, Barangada eta Txorimilo dira, eta garaiena Kakueta da. 
Gaurkorako gure asmoa mendilerro honetan zehar ibiltzea da. Hain zuzen Kakueta, Atuzkarratz, Izagra eta Luno tontorretara igotzea. Dirudi eguraldi ederra izango dugula eta goizeko 9ak inguru martxan jarri gara. Uztarroze ibaia zeharkatu dugu eta izen berdineko herriko etxe bikain eta ederren artean, kale estu, harriztatu eta aldapatsuetan gora joan gara. Herria atzean utzi eta Amuku errekatxoa pasatu dugu segidan basoan sartzeko. Bidea landaretza trinkoko pinudian gora doa. Malda aldapatsuetan eroritako zuhaitz askok bidea oztopatu digute eta memento batzuetan igoera deserosoa egin zaigu.

Uztarroze

Txorimilo edo Saitsederra  mendia pasatuta basoa atzean utzi eta gune irekiera iritsi gara. Hemendik Kakuetako tontor biribildua lehen aldiz ikusi dugu. GR11 bidearekin ere bat egin dugu eta Peña Blancako leporaino hau segi dugu. Gure helburua hegoaldean altxatzen da eta norabide hori daramagu azken aldapa belartsuan gora. Kakueta (1.583 m). Mendi honetatik 360ºko panoramika bikaina dago.

Hegoalderantz jarraitu dugu Atuzkarratz eta Izagra tontorretaraino. Ibiltzeko eguraldia bikaina dago, zerua garbi, tenperatura ona eta haize pixka bat ere badabil, zoragarri. Izagran buelta eman eta Kakueta mendebaldeko maldatik zeharkatu dugu berriro GR11 bidearekin bat egin arte.

Kakueta eta Atuzkarratz, atzean Lakartxela

Orain pista zabaletik ipar-mendebalderantz goaz Lakuaga leporaino iritsi arte. Bertan putzu bat dago. Hemen norabidea aldatu dugu, Astegia eta Doronjuane sakanen artean dagoen muino belartsutik iparrerantz goaz. Ikusten dugun paisaia benetan ederra da. Oritik Atxeritorainoko mendiak bistan ditugu. Hilarionen bordaren hondarretan atseden bat hartu eta indarrak berritu ditugu. Parajea polita da eta hemen gustura gaude. Ori eta Arlas mendien arteko gailurrerian Foehn efektua ikusten dugu, ipar isurialdeko lainoak harresi hau gainditzen saiatzen dira gero hego isurialdeko maldei itsatsita jaisteko eta desagertzen joateko.

Luno mendiaren tontorra gertu dugu eta berehala bertan gaude. Atuzkarratz mendilerrotik pixka bat aparte dagoen muino belartsua da. Altuera apalekoa izan arren eta nahiz eta ipar isurialdeko zuhaitzak bistak pixka bat mugatu, bertatik ikus daitekeen panoramika oso polita da, bikaina da.

Hilarionen borda, Ori eta Foehn efektua

Ekialde norabidea segitu dugu eta Kabilaren bordaren hondarren ondotik pasatu ondoren, Lunoko basoan sartzen den eta maldan beherantz Uztarroze herriraino bideratuko gaituen zidor estua segi dugu. Toki batzuetan landaretzak ia bide estua ezkutatzen du, baina arazorik gabe jarraitu ahal izan dugu berriro Uztarrozeko kaleetara iritsi arte.

Bista politak eskaintzen dituen ibilaldia izan da.

TRACKA HEMEN